Ikasleak eta ikusleak dantzan eta kantuan

Ubane Madera 2018ko eka. 21a, 10:31

Frontoiko taula gainean gogotsu jardun zuten atzo musika eskolako musikari gazteek ikasturtean ikasitakoa gurasoei eta lagunei erakusten. Ikusleetako askok ere kantuan jardun zuten umeekin batera, kantu ezagun askoak taularatu zituzten-eta neska-mutikoek. “Dena ondo irten zen”, azpimarratu du Nagore Sanz zuzendariak.

Ordubete pasatxo iraun zuen Soraluzeko Musika Eskolako ikasturte amaierako kontzertuak, eta “oso bariatua izan zen; talde instrumental desberdinak izan ziren, kantuak ere estilo desberdinetakoak, abesbatzakoek ere kantatu zuten, musika tailerreko ikasleek ere egin zuten saioa… eta oso polita izan zen, egia esan. Dena ondo irten zen eta umeak eurak ere oso pozik ibili ziren”.  

Berba horiekin deskribatu du Nagore Sanzek, Soraluzeko Musika Eskolako zuzendariak atzo, eguaztena, egin zuten ikasturte amaierako kontzertua.

Ekainaren 25ean ordutegiak

Modu horretan, bukatutzat eman dute, bada, Soraluzeko Musika Eskolako 2017-2018 ikasturtea. Edozein modutan, 2018-2019ko ikasturteari begira bete-betean dihardute. 

Bihar, ekainaren 22a, bukatuko da datorren ikasturterako matrikulatzeko epea. Eta horrek ere badarama bere martxa: “Musika Tailerretan izena eman dute nahikotxok, batez ere 6 urtekoek. Eta instrumentuei dagokienez, daudenei eutsi egiten zaien eta baja batzuk ere badaude. Hala ere, bihar bukatuko da matrikulazio epea eta biharko epea bukatuta ere, norbaitek interesa balu izena emateko, irakaslearekin adostuta, hori ere egin daiteke”, esplikatu du eskolako zuzendariak. 

Irailaren 10ean ikasturtea

Hain justu ere, astelehenean, ekainaren 25ean,17:00etatik aurrera iragarriko dituzte Musika Hizkuntzari eta Musika Tailerrei dagozkien ordutegiak, eskolan bertan ipiniko dituzte. Gero, irailaren 5ean banatuko dituzte instrumentuak eta talde instrumentalak eta irailaren 10ean, hasiko da ikasturte berria.

Datozen asteotan, berriz, uztaileko Santiago eta Santa Anako jaietako danborradara begira entseguak egiten hasiko dira musika eskolako bandako hainbat kide.

 

Erlazionatuak