Foru jauregian aurkeztu dute gaur goizean dokumentua, lurralde osoko 51 alkatek eta hainbat udal hautetsik parte hartu duten jardunaldi batean. Erakunde mailako norabide bakarreko erantzun irmoa ematen duen komunikazioan jartzen du azpimarra protokolo honek eta lortu nahi dena da Gipuzkoan fronte sinboliko komun eta kohesionatua eraikitzea ahalbideratuko duen erreferentzia eta tresna bakarra bilakatzea.
Jargi Aretoan 70 kargudunen aurrean egin den ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du "lurralde osoko herri ordezkari gisa eurei dagokiela emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun argi, irmo eta koherentea ematearen ardura". Hala, "lehen mailako gizarte arazo baten" aurrean aurkitzen direla ohartarazi du diputatu nagusiak.
Miren Elgarresta, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak azken hilabeteetan erakundearen eta udalerrien artean egin den koordinazio lan zabala azaldu du eta kasu konkretuen esperientziak ere ekarri dituzte Tolosako, Usurbilgo eta Getariako alkateek.
Aurre! Foru Plana
Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko apustua egiten, horretarako arau eta egokitze esparru bat prestatuz: esaterako, 2/2015 Foru Araua, martxoaren 9koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa; 2016ko Aurre! Foru Plana, Gipuzkoan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko; edo 2017ko Gipuzkoako Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Protokolo Instituzionala.
2017an, Gipuzkoako emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko lehen protokolo instituzionalaren garapenaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste aurrerapauso bat eman zuen emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eta berdintasunaren aldeko bere jarreran eta lurraldeko agenteekin lan egiteko bere konpromisoan.
Lurralde Historiko osorako Protokolo bateratu eta estandarizatu bat osatzeak ibilbide honetan eman beharreko hurrengo pausoa eta irudi bateratua proiektatuko ditu, bai lurralde mailan, bai diskurtso mailan eta baita maila sinbolikoan ere, horren bidez zabaldu nahi den ideia argia eta indartua eman ahal izateko eta herritarrekin batera emakumeen aurkako indarkeria mota guztiei aurre egiteko fronte komun bat eratzeko. Honekin lotuta, diputatu nagusiak "gizarteak eta eragile sozialek egindako lana" txalotu du, "Gipuzkoa indarkeria sexistarekiko zero tolerantzia duen lurraldea bihurtzeko erakutsitako konpromiso nekaezinarengatik".
Lurralde osorako pauta
Honenbestez, lurralde mailako batasuna eskaini nahi da protokoloarekin, irudi bateratua eta erantzun komuna eskainiz. Honetarako, esparru juridiko, terminologiko eta koordinatua zehazten da indarkeria sexistaren kasuen aurrean, pautak emanez eta erantzunerako bideak seinalatuz. Honetarako gerta daitezkeen eszenarioak deskribatu eta horien aurrean eman beharreko urratsak erakutsi eta antolatzen dira (eszenarioak hilketatik hasi era askotariko eraso sexistetara doaz). Zehaztutako eszenario bakoitzeko, erakunde arteko koordinazio urratsak agertzen dira eta deialdietarako ekintzak deskribatzen dira, baliabideak eskainiz (komunikazio instituzionalak, prentsa ohar ereduak, deialdiak...).
Protokoloak, era berean, Aldundiak eskaintzen dituen arretarako eta informaziorako zerbitzuen berri ere ematen du.