Errebal kaleko proiektua lehiaketara

Ubane Madera 2018ko eka. 20a, 14:03
Errebal kalea, Zubi Nagusitik aurrera.

162.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) lehiaketara aterako dute Errebal kalearen urbanizazio proiektuari dagozkion obrak. Kalearen 12. ataritik Gaztelupe tabernarainoko tartean egingo dituzte lanok, bost hilabeteko epea aurreikusita. Oraingo astean onartu dituzte proiektuari dagozkion plegu teknikoak.

Errebal kaleko proiektuan jasotako oinarrien arabera, hainbat jarduera egingo dituzte kale horretako 12. ataritik Gaztelupe tabernarainoko tartean. 

Plataforma bakarra 

Batetik, errepidea eta espaloia plataforma bakarrean ipiniko dute (erdigunean dagoen modura). Hain justu, modu horretan nahi diote konponbidea eman 12. atariaren aurreko aldeko eta Gaztelupe taberna pareko espaloien arazoei, larregiko estuak izanda, oinezko gehienak errepidera jaisten dira-eta bi puntu horietan.  

Bestetik, Zubi Nagusiko piboteak lekuz aldatuko dituzte, gaur egun autoak bertan txarto aparkatuta egoten direla-eta, hori saihesteko.

Zerbitzuak zaharberritu 

Horrekin batera, Errebal kaleko 14. eta 16. etxeak bota egingo dituzte.  

Eta azkenik, obra baliatuta, bertatik pasatzen diren lur azpiko zerbitzuak zaharberritu egingo dituzte.

“Obra konplikatua da, eta bost hilabeteko epea aurreikusten da gauzatzeko, baina seguru aski luzatu egingo da, ze lur azpian zerbitzu asko daude sartuta, eta badakigu planoak ze ipintzen duen, baina Gabolatsen moduan, kalea jaso arte ez dakigu zehatz-mehatz zein den haien egoera. Gainera, behin kalea jasota, orain da momentua zerbitzu horiek guztiak zaharberritzeko; aukerako obrak esaten zaie halakoei eta hori egingo dugu”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak. 

Zirkulazioa berrantolatu 

Obra konplikatua da, halaber, bertatik pasatzen den zirkulazioa ere berrantolatu egin beharko delako denboraldi handi batean, behintzat. Horretarako datak iritsi ahala jakinaraziko dituzte zeintzuk diren aldaketak.