“Harrera bikaina” izan dute robotika eta bideo-joko tailerrek

Ubane Madera 2018ko eka. 20a, 11:45

Gazteak robotikako tailerretan, iaz. Argazkia: Debegesa.

Dagoeneko 125 gaztek eman du izena Debabarreneko udalen eta Debegesa Garapen Agentziaren ekimenez bigarren urtez egingo duten Gazte Robotika egitasmoan. Soraluzerako gordeta zeuden 28 lekuak bete egin dira. Astelehenean hasiko dira tailerrak, Herri Antzokian.

“Debabarreneko haur eta gazteen artean bokazio teknikoak sustatzea eta zientzia, teknologia, ingenieritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea” helburu duten robotika eta bideo-joko tailerrek “harrera bikaina” izan dute aurten ere.

Oraingoz, 8-16 urte bitarteko 125 gaztek eman dute izena. Eta oraindik gehiagok emateko aukera ere bada, izan ere, zabalik dago horretarako epea Ermuan eta Mallabian, bi udalerriotan abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran egingo dituzte-eta tailerrok (www.gazterobotika.eus).

Norbere proiektuak

Edozelan ere, Soraluzeri dagokionez, hemen ez dago ja lekurik. 28 gaztek zuten Soraluzeko tailerretan parte hartzeko aukera eta leku guztiak bete egin dira. 

Hain justu ere, Eibarko tailerrekin batera, Soraluzekoak izango dira egingo dituzten lehenengoak: astelehenetik, ekainaren 25etik 29ra egingo dute lehen tailerra Soraluzen, eta uztailaren 2tik 6ra bestea; biak ala biak ere euskaraz izango dira. Soraluzeko Udalak finantzatuko ditu tailerrok, Soraluce S. Coop. enpresaren laguntzarekin.

Herri antzokian landuko dituzte robotika eta bideo-jokoen gaineko tailer horiek. Talde-lana sustatu, eta “gaztetxoek teknologiarekin ikasi eta ondo pasatzeko aukera izango dute, euren robot eta bideo-joko propioak sortuz eta programatuz”, azpimarratu dute Debegesatik.  

Hain justu, gazteek eurek diseinatutako eta garatutako proiektuekin, nahi izanez gero, irailaren 22an Ermuko Izarra Centren egingo den Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren 2. edizioan parte hartzeko aukera izango dute.