Ikasturtea agurtzeko kantu klasikoak eta modernoak

Ubane Madera 2018ko eka. 20a, 10:43
Musika eskolako ikasleak eta irakasleak iazko kontzertuan.

Soraluzeko Musika Eskolako 50 bat ikaslek ikasturte amaierako kontzertua egingo dute gaur, 18:30ean hasita, frontoian. Kantu klasikoak eta modernoak uztartuko dituzte, instrumentuen arteko nahasketa bereziak ere eginez. Besteak beste, amaieran Ametsak ez dauka mugarik Dragoi Bola marrazki bizidunen kantua interpretatuko dute.

erry Lee Lewis-en rock and rolla, Berri Txarrak taldearena, marrazki bizidunetako kantuak, Fonsiren reggaetoi motela (sorpresaren batekin), txistu doinu klasikoak, Selena Gomezen kantuak, Tronu Jokua (Game of Thrones) telesailekoak… denetik joko dute gaur Soraluzeko Musika Eskolako ikasleek ikasturte amaierako kontzertuaren baitan.   

Talde handietan, zein txikietan joko dituzte kantuak 50 bat ikaslek, irakasleen laguntzarekin: “Metal taldeak, txistularien taldeak, abesbatzak pare bat abesti interpretatuko ditu, trikitia baxuarekin eta abeslariekin nahastuko dute… kantu klasikoak eta modernoak izango dira”, esplikatu du Domentx Uzin irakasleak. 

Danborrada prestatzen 

Gaurko kontzertuaren ondoren, oporrak hartuko ditu Soraluzeko Musika Eskolak, baina atsedenik ez, ze Nagusien Danborradarako piezak prestatzen hasiko dira. 

Zentzu horretan, aurten berritasuna izango dute danborradari laguntzen irteten diren musikarien artean, gainera: Bergarako bandatik etorriko diren zazpi bat musikarekin batera, Eibarko bandako beste horrenbeste musikari gazte ere etorriko dira laguntzera soraluzetarrei.