Eguerdirako hurreratu zen jendea Ezoziko plazara; batzuek mezetara jo zuten eta beste batzuk txosnara. Ordubatean, Eneko Beretxinaga eta Jokin Bergara bertsolari gazteek heldu zioten mikroari eta saio polita osatu zuten elkarrekin. Ostean, Mallabia, Zeanuri eta Areatzako kirolariek erakustaldia eskaini zuten: harri-jasotze, trontza, txinga eta motozerrarekin. Ardiei ilea mozteko aparatuak ere ekarri zituzten, baina azken orduko eragozpen batzuen ondorioz, ezin izan zuten plazara ardirik ekarri.
Arratsaldean, zezentxo eta poniak atera zituzten umez eta gurasoz inguraturik zegoen plazara eta bertan jardun zuten iluntzera bitartean. Mutiko batek min hartu zuen buruan zezenak harrapatuta. Gurasoek Mendaroko ospitaleko larrialdietara eroan zuten ezer larririk ez zuela ziurtatzeko. Batek baino gehiagok aipatu zuen komenigarria litzatekeela halako ekitaldiak daudenean anbulantzia bat bertaratzea.
Gainerakoan, urteroko moduan igaro zituzten Ezoziko jaiak, bisitari kopuru politarekin eta giro ederrean.