Muga aldeko parajeetan barrena, gustura asko

Ubane Madera 2018ko eka. 18a, 09:26

Guardasolarekin euriaz babesten hasi, eta hondartzan bainatzen bukatu dute asteburua Soraluzeko Mendi Taldearen eskutik Hondarribian izan diren ia 100 herrikideek. Zapatuan mendi buelta egiteaz aparte, txalupatxoan ere ibili ziren, Pasai Donibanera igarotzeko. Domekan, berriz, iparralde inguruan ibili ziren. (Argazkiak: Fernan Oregi).

Paraje politak, giro ederra eta antolaketa bikaina.  

Osagai horiekin, primeran ibili dira asteburu-pasa Hondarribia ingurura joan diren soraluzetarrak. Zapatuan Pasaia-Ama Guadalupe ibilbidea egin zuten, 12 bat kilometrokoa. Oinez zein txalupan ibili ziren, gainera, Pasai Donibanera pasatzeko, umeen gozamenerako.

"Paraje politak" 

Juan Sebastian Elkano Hondarribiko aterpetxean bapo afaldu, pijama-festa egin eta noski, gaua pasatu ondoren, biharamunean Ziburutik Hendaiara arteko ibilbidea egin zuten soraluzetarrek, hura 10 bat kilometrokoa, “zelako paraje politak”, kontatu dute.

Horrez aparte, bi egunetan hondartzan bukatu zuten mendiko nekeak freskotan lagatzen, eguraldia ere lagun izan zuten azkenean-eta. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.