Kendu egin dituzte eskolako zabuak

Ubane Madera 2018ko eka. 15a, 11:24
Eskolako patioa zabu barik.

Kili-kolo eta egoera arriskutsuan zeuden Plaentxi Herri Eskolako patioko ziburu-zaburuak. Eta horregatik, kendu egin dituzte, neska-mutikoen segurtasuna bermatzeko. Berriak noiz ipini, berriz, Soraluzeko Udalaren diru kontuek baldintzatuko dute.

Joan den astean ja hesitu egin zuten eskolako patioko etxolatxoa, neska-mutikoek barruan jolas egin ez zezaten, oso kili-kolo zegoelako. Eta atzo, eguena, Udal langileek kendu egin zituzten etxolatxoa eta txirrista bera ere, “eskolako zuzendaritzarekin egon ondoren, oso zaharkitutako zeuden eta konpontzeak ez zuen merezi”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak. 

Haiek kenduta, patioan berriak ipintzeko asmoa du Soraluzeko Udalak. Kontua da noiz egin ahal izango duen hori. 

Aurten edo 2019an 

Izan ere, iazko likidaziotik soberakina dauka, eta soberakin horretatik pusketa bat bideratuko dute udalerriko jolas-parkeak berritzera. “Herriko parkeetako haur jolasak zaharberritzekotan gabiltzanez, aurrekontuak eskatzen dabiltza. Patioan ipintzeko ere eskatuko dugu aurrekontua. Dirua iristen bada ipiniko dugu, bestela 2019ko aurrekontuetan zehaztuko dugu horretarako partida bat”, esan du Aldazabalek.