Irailean ere antolatuko dituzte arratsaldeetako jolas tailerrak

Ubane Madera 2018ko eka. 13a, 18:00

Neska-mutikoak jolas-tailerretan, eskolako patioan.

Ekaineko lehen bi aste hauetan egin duten moduan, irailean ere antolatuko ditu jolas tailerrak Atxolin Guraso Elkarteak, 14:30etik 16:30era, neska-mutikoek arratsaldez jai dutela aprobetxatuta. Lehen aldiz antolatu dituzte jolas tailer horiek, eta 82 neska-mutikok dihardute parte hartzen.

Ekainaren hasieratik Plaentxi Herri Eskolako neska-mutikoek arratsaldez eskolarik ez dutela-eta pentsatu zuen Atxolin Guraso Elkarteak arratsaldeko ordutegi horretan, 14:30etik 16:30era bitartean jolas tailerrak antolatzea. Eta arrakasta izan du ekimenak, estreinaldia izan duen honetan 82 neska-mutikok dihardu-eta tailerretan parte hartzen. 

Eskolako bertako patioan ibiltzen dira, futbolean jokatzen, aurpegiak margotzen, zibarekin… Kukumixoko begiraleen proposamenen arabera, eta haien zaindaritzapean. Oraingo barikuan bukatuko dira tailer horiek, baina dagoeneko Atxolin Guraso Elkarteko kideek erabaki dute irailean errepikatu egingo dutela esperientzia.

Izena emateko 

Hori horrela, bertan izena eman nahi dutenek ekainaren 18an (astelehena) 09:00etan eta ekainaren 19an, 12:30etik 13:30era bitartean eraman behar dute izen-emate orria beteta, eskola kanpoan egongo diren guraso elkarteko ordezkariei entregatzeko. 20 euro ordaindu behar da parte hartzeagatik eta Atxolin Guraso Elkarteko bazkideek bakarrik parte har dezakete jolas tailer horietan. 

Hain justu, guraso elkartetik abisatu dute ekainaren 19a baino geroago jasotako izen-emateak ez dituztela onartuko; eta onartutakoen zerrenda, berriz, ekainaren 22an ipiniko dutela, eskolan.