Bandalismo gertakariak salatu ditu Soraluzeko Udalak

Ubane Madera 2018ko eka. 13a, 09:59

Kiroldegi gaineko oholtzako taulak apurtuta; Galipoteko igogailua erabili ezinda, komun moduan erabiltzen dutelako eta Atxurin, Mesedeetako egoitza inguruan eta frontoian pintadak. Horiexek dira, besteak beste, azken asteotan Soraluzen izandako bandalismo gertakariak, Soraluzeko Udalak salatu duenez. 

Azken egunotakoak moduko apurketak eta hezigabekoen jarrerak behin eta berriro errepikatzen direla salatu du Soraluzeko Udalak, horrek Udalarendako eta ondorioz, herritarrendako dakarren gastuarekin. “Atzo bertan, Haurreskolako hesiari bultza eta bultza egiten ibili ziren, hura bota nahian bezala; gero hesia salto egin, Haurreskolako patiora sartu eta hango etxolatxoan ere ibili ziren aldrebeskerietan, eta Haurreskolako umeen jostailuetako batzuk (motor txikiak…) lapurtu egin dituzte”, kontatu du Iker Aldazabal alkateak, jakinaraziz lekuko batek ikusi eta eman duela azken horren berri. 

Galipoteko igogailua nazkagarri

Baina atzoko gertakariaz aparte, azken egunotan izandako gertakarien bestelako adibide mordoa helarazi ditu alkateak, argazki eta guzti: “Jarraitzen dute Galipoteko igogailuan txiza egiten. Aurreko batean Esperientzia Eskolan dabiltzan herritarrek zenbait kartel ipini zituzten egoera salatzen. Karteletan zera irakur zitekeen: Adi! Hau ez da komuna. Bada kartelak kendu egin dituzte. Eta pentsa, horrenbeste txiza egiten dute han, igogailuaren sistema elektrikoa bera izorratu ere egiten dela”, jakinarazi du Aldazabalek.  

Oholak apurtuta 

Halaber, hark kontatu du kiroldegi gainean, Gazteleku ondoan dagoen oholtzako taulak “behin eta berriz” apurtzen dituztela, “pintadak egiten ez dituztenean edo bertako altzariak desagertarazi. Manu arotzak mailuka eta zizela aurkitu zituen bertan, apurketak egiteko erabiltzen dituztenak”, esan du.

Pintadak

Eta pintadak aipatuta, gehiago agertu izana salatu du alkateak; DOPE sinadura, esaterako, herriko hainbat puntutan marraztu dute. “Atxuriko kalean, Egoitzako inguruetan eta Frontoian azaldu diren pintadak berriak izan dira. Gogoratzen nola txukun txukun utzi genuen institutuko frontoia herriko haur eta nerabeek herria hobetzeko egin zituzten proposamenak kontuan hartuta? Ba ikus daitezke argazkietan orain nola utzi duten”, dio Aldazabalek.

Ziburu-zaburuak kendu behar

Adibide horiek guztiak dira azkenaldian izandako gertakariak. Edozelan ere, lehenago beste hainbat apurketa ere izan dira udalerrian: frontoian, pilotan jokatzeko txapa apurtu zuten, futbolean jarduteko ateen (porterien) sareak ere bai Plaentxi Herri Eskolako patioan, eta azken horretan, eskolako patioan dauden ziburu-zaburuak kendu egin beharko dituztela kontatu du alkateak, kili-kolo utzi dituztenez, “segurtasuna bermatzeko”. 

Laguntza eskea 

“Gertaera guzti hauek konpontzeak, garbitzeak e.a… Udal Brigadako langileen ordu asko suposatzen dute. Baita ere Orona, igogailuko konponketak egin behar direnean edo arotzak kiroldegi gaineko oholtzako apurketak konpondu behar dituenean. Lan horietan erabiltzen diren ordu eta baliabide ekonomikoak herriko benetako beharrizanak gauzatzetik kendu behar dira, eta ondorioz herriak eta herritarrek galtzen dugu. Udalaren aldetik gertaera hauek salatzeaz gain herriko bizilagunei laguntza eskatzen diegu gertaera hauetaz jabetzen badira, berri emateko, ea guztion artean ekiditen ditugun”, eskatu du Iker Aldazabalek.