09:00ak inguruan Estaziñoko parke ingurutik pasatzen direnek ezagun askoak dituzte argazkiko lagunak, egunero-egunero bertan egoten dira-eta, makilak (edo guardasolak) eskuetan, mendiko botak aldean, kaletik mendirako bidea hartzeko gogotsu: “Txurrukatik San Andreserainoko bidea egiten dugu, eta eguraldi ona bada San Andrestik Kirueta ingurura igo, handik San Rokera joan eta Ezozitik kalera jaisten gara”, kontatu dute gaurko ibilalditik bueltan zetozela.
Guardasola apurtuta
Izan ere, gaur ere, goizean goizetik egin duen eguraldi traketsa ez da aitzakia izan eguneroko ohitura horri eusteko, eta kale egin barik hartu dute kaletik goranzko bidea. Hori bai, gaurko honetan, aldrebesko ibilbidea egin dute. “Haize eta euri honekin Ezozi aldera etorri gara. Hala ere, begira, guardasola ere apurtu egin digu gaur haizeak”.
Osintxura
Ohikoa baino mendi-buelta motzagoa izanik gainera, gaurkoan Ezozibidetik kalera etorri eta euriak bustitakoa sikatzen laguntzeko kafesne eder bat hartu beharrean, “kia!, orain Osintxura goaz paseoan”, kontatu dute umoretsu eta indartsu.
09:30ak aurretik lau lagunek zuten umore eta indar hori ikusita bada, zalantzarik ez dago, egunero mendi-buelta egitea zenbaterainoko osasuntsua eta gomendagarria den.