Bertsolari gazteek eta esperientzia gehixeago dutenek elkarrekin kantatuko dute barixakuan Txurrukan: Uxue Alberdi elgoibartarra, Miren Artetxe hendaiarra, Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Beñat Iguaran amasarra. Mikel Arrillaga bertsolari eibartarra izango dute gai-emaile, eta trikitilariak lagun, tarteka bertsoaldiren bat musikaz girotzeko.
Bertso eskolak antolatu du jaialdia, azken urteotan Santa Eskean kantatu duten bertsolari batzuk gonbidatuta, aurten ekimen horrek bete dituen 25 urteak aitzaki hartuta.
Menua edo ogitartekoa
Galako menua izango da afaritarako: kroketak, entsalada mixtoa, legatza plantxan, txahal masailak, ijito besoa helatuarekin, kafea eta edaria, 26 euroko prezioan. Nahi izanez gero, menuaren ordez ogitartekoa jateko aukera ere izango da. Afaria gaueko 21:30ean hasiko da.
Izena Iratxo goxo-dendan eman daiteke edo 605706086 whatsapp zenbakira mezua bidalita. Eguaztena da azken eguna.