Ezoziko erromeria herritarrak erakartzeko gertu

Ubane Madera 2018ko eka. 8a, 21:09
Unai eta Oier Larreategi trikitia jotzen, Ezozin iaz.

Goizetik iluntzera arteko egitaraua gertu da bihar, zapatua, Ezozin erromeria herrikoiaren bueltan egingo den ospakizunerako. Urrats Dantza Taldearen dantzaldia, bazkari herrikoia eta besteak beste, Imuntzo eta Belokiren saioa izango dira.

Bihar, zapatua, Ezozin egin dute hitzordua, erromeria herrikoia egiteko. 11:00etan Plaza Berrian elkartuko dira Urrats Dantza Taldeko dantzariak hamaiketakoa egiteko, eta 12:00etan abiatuko dira Ezoziria kalejiran, dantzariekin eta txistulariekin. 

13:00etan, berriz, egingo dute dantza-saioa eta 14:30ean, berriz, bazkari herrikoia egingo dute bertaratzen diren herritarrekin batera. Txartelak Iratxo gozo-dendan eskura daitezke. 

Imuntzo eta Beloki

Bazkalostea, berriz, Imuntzo eta Beloki taldeak girotuko du, 18:00etan. Eta dantza jardunarekin bukatzeko, 19:00etan Larrain-dantza egingo dute Urrats Dantza Taldekoekin. Ostean, Imuntzo eta Beloki taldeak atzera ere dantzaldia girotuko du.