Eguraldia lagun, “giro ona” izan zuten soraluzetarrek eguaztenean Kantabria aldera egindako txangoan; “oso ondo” ibili zirela kontatu dute. Ondo aprobetxatu zuten eguna, gainera, 21:00etan ailegatu ziren-eta bueltan Soraluzera.
Hondarribia-Donibane Lohitzune
Eta dagoeneko pentsatuta dute hurrengo nora joango diren: Hondarribia-Donibane Lohitzunera egingo dute txangoa, uztailaren 11an.
Honako plana egin dute: hamarretakoa Hondarribian eginda, joango dira Donibane Lohitzune ikustera. Gero Hondarribira bueltatuko dira, bazkal ordura arte. Arratsaldean, berriz, Tren Berdean ibiliko dira, eta haren bitartez Hondarribian bisita gidatua egingo dute: hondartza, kaia… ikusi ondoren, alde zaharretik emango dute buelta; gida batek lagunduta egingo dute bisita.
Txango horretarako izena eman daiteke uztailaren 5a baino lehen. 28 euro pertsonako da prezioa.
Uztailaren 17an dantzaldia
Bestalde, uztailerako beste hitzordu bat ere egin dute uztailaren 17an Mus, Tute eta Briska Txapelketetako sari banaketa egingo dute, 17:30ean; ondoren luncha izango dute, eta gero dantzaldia, Soraluzeko Flamenko Taldearekin, iaz egin zuten modura.