Ume askok parte hartu du Eskola Bidea ekimenaren proba pilotuaren lehen astean: 45 bat izan dira guztira, astearen amaieran astearen hasieran baino gehiago, “taldeak ikusi ahala gehiago animatu dira-eta”, esan dute Hezkuntza Proiektuko kideek.
Ekimenaren bultzatzaileek modu positiboan baloratu dute kopurua, are gehiago kontuan hartuta Lehen Hezkuntzako 3. mailatik gorako neska-mutiko gehienak euren kabuz joaten direla bestela ere.
Kopuruaz aparte, modu positiboan baloratu dute, baita ere, eskolara oinez doazen taldeotan sortu den giroa.
Eta modu positiboan ikusten dute, baita ere, orain gauzatzen dabiltzan proba pilotua, horrek erakutsiko duelako proposatutako ibilbideetan eta jardunbideetan ze aldaketa egitea komeni den.
Bide Urdinean aldaketa
Adibide modura, dagoeneko antzeman dute Bide Urdina (Baltegietatik abiatzen dena) egiten duten neska-mutikoek modu naturalean aukeratzen duten bidea dela Baltegietatik zuzen segitzea, eta ez kiroldegiko pasealekura jaistea, proposatuta zegoen modura.
Hori ikusita, datorren astetik, Bide Urdina aldatu eta Baltegieta kaleko 18. zenbakitik (EPAren eskailera paretik) zuzen abiatuko da, Gaztelupe pareraino, eta han, errepidera irten barik, kiroldegiko pasealekura jaitsiko dira, Zubi Nagusira ailegatzeko.
Aldaketa gehiago ere izango dira, proba pilotua amaitzean jakinaraziko dituztenak.