Hain justu ere, saretzeko azkeneko eguna zapatua da, 11:00-13:30ak bitartean. Hortik aurrera, eta domekara begira jarrita, besteak beste, giza katerako Gure Esku Dago-ren zapia eta hamarretakoa eramateko eskatu diete soraluzetarrei, eta baita ere, “ondo pasatzeko gogoa, oso garrantzitsua!”, diote.
Autobusa 10:00etan
Halaber, gogora ekarri dute Soraluzetik 10:00etan abiatuko direla autobusak (08:30ean oinezkoak) eta Elgoibarren, errepidean egongo direla harik eta giza katea gauzatu arte. Kontuan hartuta errepidea bakarrik giza kateak iraun bitartean, 12:00-12:30ak bitartean moztuko dela, norberaren eta ingurukoen segurtasuna ere asko zaindu behar dela azpimarratu dute.
Joateko arrazoiak
Hona hemen Gure Esku Dago dinamikak domekako giza katean parte hartzeko eman dituen hamar arrazoiak:
- Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeen honetan, herritar guztiok ezinbesteko giltza garelako.
- Euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki eta demokratikoki erabakiko dugun ziklo berri bat ireki nahi dugulako.
- Gure eskubideak eta erabakia defendatuz eta egikarituz, etorkizun hobe batera jauzi egingo dugulako.
- Epe luzerako elkarbizitza eraikitzeko, erabakiak batu egiten gaituelako.
- Elkarri eskua emateko milaka arrazoi ditugulako.
- Herri gisa jarduteko eta guztiok bat egiteko garaia delako.
- Galdu ezin duzun esperientzia ahaztezina izango delako.
- Herri libre batean zoriontsu izan nahi dugulako.
- Hemen zerrendatzen diren arrazoiak baino askoz ere motibo gehiago dituzulako.
- Etorkizuna zu zarelako.