Javier Elorza: “Erdi Aroko Soraluze zelakoa zen erakusten duen mapa prestatzen dihardut”

Egoitz Unamuno 2018ko eka. 6a, 12:27

Erretiroa hartu berri, Javier Elorza historialariak Soraluzeren Erdi Aroko historia aztertzeari eskaintzen dizkio ordu asko. Besteak beste, garai hartako mapa bat prestatzen dihardu, urrian argitaratuko dena, Soraluzek hiribildu-izendapena jaso zueneko 675. urteurreneko ekitaldien harira.

Zelakoa da prestatzen diharduzun mapa?

Erakusten du Erdi Aroko Soraluze zelakoa zen. Mapa horretan agertzen dira garai hartako etxeak, bideak, harresia eta leku-izen nagusiak. Mapa hori argitaratu eta zabaltzea da asmoa.  

Zelakoa zen Erdi Aroko Soraluze?

Soraluze bide herria zen. Baziren ibaiaren bazterrean eraikitako etxe multzo batzuk, gehienak egurrezkoak eta gutxi batzuk harrizkoak, harresi batek inguratuta. Orduko harrizko etxe batzuek zutik diraute: Ormaetxea Santa Ana kalean edo Arregi Garaikoa Gabolats-en (Bigarren etxe horretatik dator Arraikua auzoaren toponimoa).

Eraikin horiek egiteko erabili zen harria bertakoa zen. Atxuri eta Errekaldetik Erlei baserrira bidean zegoen harrobia eta tokiak “Kanteraeta” izena zuen eta du. Basaltozko harria ateratzen zuten, “ofita” motakoa, lantzeko erraza eta biguna, baina ez oso ona eraikuntzarako, denborarekin desegiten delako. 

Baserriak ostera, herria baino lehenagokoak dira. Bada dokumentu bat, 1388koa, eta bertan Erregeak baimena ematen dio Jausoro elgoibartar bati, herriko baserri batzuetan zergak kobratzeko. Aipatzen dira dozena erdi baserri: Barrenetxea, Argarate, Urruzkarate, Goenetxea … Beraz, badakigu garai hartarako baserri batzuk ere eraikita zeudela.

Erdi Aroko zer dokumentazio dago?

XV. Mendea baino lehen, oso agiri gutxi dago, ofizialak bakarrik eta batik bat gaztelar Erregearen Kantzileriak emandakoak; batez ere, hiri gutunak eta dohaintzak dira. Partikularren artekoak ostera, oso gutxi daude; hauen artean ezkontzen bueltan egiten ziren kontraturen batzuk gordetzen dira, informazio asko ematen digutenak garai hartako etxe eta baserri nagusiez.

Zein da Soraluzeren inguruan dagoen dokumenturik zaharrena?

Hiribildu izendapenaren jatorrizko dokumentua galduta dago baina badago transkripzioaren laburpen bat Esteban de Garibai erregearen kronikari mondragoetarrak XVI. mendean idatzi zuena. Baina gaizki transkribatu zuen jatorrizko agiria, ze “Erlaibia” aipatzen du “Erlaegia” behar lukeen lekuan.

Noizkoa da hiribildu izendapena?

1343. urtekoa da, urriaren 15ekoa. Herritar batzuk, setiatuta zegoen Algeciras aldera joan zirenak Gebara merinoarekin, lortu zuten beharrezko errege-gutun ofiziala hiribildua sortzeko. Alfonso XI.a erregeak eman zien gutun hori, Placencia izenarekin.

Noizkoak dira inguruko herrienak?

Eibar eta Elgoibar hiru urte geroagokoak dira eta Bergarari ostera, 1268an eman zioten  hiri-gutuna. 

Zertarako eskatzen zuten hiribildu izendapena?

Erregearen babesa eta segurtasuna lortzeko, baina babes hori gehiago zen ustezkoa edo hipotetikoa beste ezer baino. Garai hartan eliza zen erakunde bakarra lurraldea antolatzeko eta Soraluzen moduan, elizak ahaide nagusien eskuetan zeuden, eta eurak jasotzen zituzten zergak; askotan, indarrez.

Soraluze eta Eibar herri txikiak ziren orduan, gehienera ere, 700 biztanlera ez ziren iritsiko. Elgoibar zen kapitala, Villamayor de Marquina, eta bertoko Ganboa-Olaso familia zen inguruotako ahaide nagusirik indartsuena. Soraluzeko elizaren patroiak ziren eta herria bere mendean zuten. Hori dena aldatzen hasi zen XIV. mendearen amaiera aldera, Gipuzkoako Anaidia eratu zenean.

Garai hartan zeintzuk ziren herriko familia indartsuenak?

Irureko familiak. Kale-kalean finkatutako Iruretarren artean, gehienak letradunak ziren, abadeak, eskribauak, merkatariak …, ondo posizionatutako jendea. Horietan ezagunena Andres Ibañez de Irure, medikua, Carlos V.a enperadorearen gortearekin Europa osoan zehar ibili zena. Bueltatu zenean Arregi Garaikoako alabarekin ezkondu zen. Horregatik du dorretxeak Irureko armarria Gabolats kaleko fatxadan.

Merkataritzatik egin zuten dirua?

Bai, eta merkataritzak indar handiagoa hartu zuen XVI. mendearen hasieran, Ameriketatik armak eskatzen hasi zirenean: lonbardak (kainoiak), arkabuzak, lanzak... Sekulako negozioa bihurtu zen, azkenik gabekoa. Herriko ibai ondoak sutegiz bete ziren, punta-puntako teknologiarekin. Dirutza egin zuten, bai Soraluzen eta baita Deba bailarako gainerako herrietan ere. Horren seinale da sekulako elizak eraiki izana.

Armagintza izan da, ia gaur egunera arte, bost mendetan zehar belaunaldiz belaunaldi Soraluzen nagusi izan den jarduera. Ostera, XX. mendearen amaieran, bat batean, jardun hori zeharo desegin da.

Zergatik uste duzu dela beharrezkoa historia hori ezagutzea?

Herriaren sorrera eta bilakaera ezagutu eta ulertzeko aukera ematen duelako. Hizkuntza aldetik ere bai, toponimia eta bestelako hitzak daude, gaur egun galduta daudenak. Esaterako,“urapia”: ibai ondoko erakinen azpiko zatia izendatzeko erabiltzen zen hitza, ibaiko urak hartzen zituen guneak zirelako.  

Herriaren historiari dagokionez, zer egin da eta zer dago egiteko?

Ramiro Larrañagak, batez ere, armagintza eta XIX. eta XX. mendeko bizimoduaren berri jaso zuen, eta oso baliagarria da, ze bi belaunaldi nahikoa dira dena galtzeko. Erdi Aroko historia idazteke dago.

Baduzu asmorik etorkizunean lan horri heltzeko?

Bai, nire asmoa da etorkizunean lan horri heltzea. Dokumentazio dezente daukat batuta. Esaterako, badaukat dokumentu bat, 1508koa, herria “Soraluçe” moduan izendatzen duena. Irakurri nuenean harrituta geratu nintzen, garai horretan Placencia izen ofiziala zegoelako.