Soraluzeko kaleak, eta bereziki, Plaza Zaharra jendez beteta egon ziren domekan, Haurren Euskal Jaiari esker. Eguraldi ona lagun (beroegia ere bai, goizean bereziki) eguerdira arte kalez kale jardun zuten dantzariek, han-hemenka eta taldeka banatuta, dantzak eta txistu doinuak udalerriko txokoetara eramanez.
Ehunka lagun plazan
13:00ak inguruan egindako alardeak, berriz, ikusle mordoa erakarri zituen plazara. Erretratu polita erakusten zuen herriko plaza nagusiak, kanpoko eta herriko ehunka lagunek inguratuta. Guztiek ere txaloka eskertu zuten neska-mutikoek eskainitako dantza saioa.
Arratsaldeko jarduna, bestalde, kiroldegira lekualdatu behar izan zuten, euri-ekaitzen babespera. Frontoian egin zuten iluntzera bitarteko alardea.
Ezoziko erromeria
Haurren Euskal jaia eginda, oraingo zapatuan Ezozin egin dute hitzordua, erromeria herrikoia egiteko. 11:00etan Plaza Berrian elkartuko dira Urrats Dantza Taldeko dantzariak hamaiketakoa egiteko, eta 12:00etan abiatuko dira Ezoziria kalejiran, dantzariekin eta txistulariekin.
13:00etan, berriz, egingo dute dantza-saioa eta 14:30ean, berriz, bazkari herrikoia egingo dute bertaratzen diren herritarrekin batera. Txartelak Iratxo gozo-dendan eskura daitezke.
Imuntzo eta Beloki
Bazkalostea, berriz, Imuntzo eta Beloki taldeak girotuko du, 18:00etan. Eta dantza jardunarekin bukatzeko, 19:00etan Larrain-dantza egingo dute Urrats Dantza Taldekoekin. Ostean, Imuntzo eta Beloki taldeak atzera ere dantzaldia girotuko du.