408 soraluzetar saretu dira giza katerako

Ubane Madera 2018ko eka. 5a, 09:40

Guztia gertu dago domekan Bilbo-Gasteiz-Donostia lotzeko Gure Esku Dago dinamikak antolatu duen giza katea gauzatzeko. Soraluzeri dagokionez, 408 herritar saretu dira Elgoibarko giza kate zatian parte hartzeko. Bihar, eguaztena, da autobusean izena emateko azkeneko eguna. 10:00etan abiatuko da autobusa Soraluzetik.

Hain justu ere, kalean ipintzen dabiltzan mahaiez aparte, autobus zerbitzuren baterako izena eman ahal da, baita ere, Iratxo gozo-dendan. Autobusa 10:00etan abiatuko da Soraluzetik Elgoibarrera. 

Oinez 

Bestalde, gogoan izan Mendi Taldearen eskutik Ezozi ingurutik oinez joango direnek ere badutela buelta autobusez egiteko aukera, eta horiek ere aldez aurretik eman behar dutela izena. Oinezkoak 08:30ean abiatuko dira Elgoibarrera, Plaza Berritik. 

Alkateen babesa

Gure Esku Dago dinamikak bultzatutako giza kateak babes ugari eskuratu ditu hainbat eragilerengandik eta politikarirengandik. Besteak beste, Gernikan 200 alkatek eta udal hautetsik agerraldi publikoa egin zuten Gernikan maiatzaren 27an erabakitzeko eskubidearen alde, eta bertan izan zen, besteak beste, Soraluzeko alkate Iker Aldazabal ere. 

Korner Morea

Horrez aparte, Soraluzeko Korner Moreak ere bat egin du ekimenarekin, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren deia babestuz. Ekainaren 10eko giza katean "besoko morea" janzteko deia egin dute, zera aldarrikatuz besteak beste: "Gure gorputz eta lurraldeetan geuk erabaki nahi dugulako. Bizitza dugu irabazteko!".