Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte bitarteko zigorrak ezarri dizkiete Altsasuko zortzi gazteei. Lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egitea egotzi die epaimahaiak. Atzo jakinarazi zuten epaia eta harrezkero mobilizazio ugari egin dira Euskal Herri osoan zehar. Mobilizazio nagusia ekainaren 16an egingo da Iruñean gurasoek deituta.
Gurasoen adierazpenak: "Minak ez gaitu geldituko; aurrera jarraituko dugu!"
Altsasu Gurasoak plataformak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Iruñean. Bertan, haien seme-alabek jasotako zigorra «mendeku politikoa» dela salatu zuten, eta «borrokan» jarraituko dutela ziurtatu. «Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur, berriro, guri maitasuna helaraztera atera diren pertsona guztiei», adierazi zuen Bel Pozuetak plataformako kide guztien izenean. «Horren babesturik ez bageunde, ezingo genuke jarrera honekin jarraitu».
Euren seme-alabek jasotako zigorrak «izan zitekeen gogorrenak» izan direla esan zuten, eta kritikatu zuten, auzia terrorismotzat hartu ez badute ere, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu izana. «Hasieratik horren argi bazegoen auzi honetan ez zegoela terrorismorik, zergatik eraman gintuzten Auzitegi Nazionalera?», esan zuen Pozuetak.
Altsasuko gazteen gurasoek uste dute justizia printzipioaren «erabateko mespretxua» egon dela: «Ez da proportzionaltasunik egon, mendekua baizik». Era berean, salatu zuten gazteak interes politikoengatik «erabili» dituztela. «Ez da kasualitatea epaia gaur [atzo] atera izana», adierazi zuen Pozuetak.
Epaiak mina sortzeko helburua duela ziurtatu zuten: «Eta oso minduta gaude, baina minak ez gaitu geldituko; aurrera jarraituko dugu». Mina indar bihurtuko dutela esan zuten, eta, horretarako, gizartearen babesa eskatu zuten: «Soilik elkartasunak konpentsatzen du sufrimendu hau». Haien seme-alabei gertatutakoa «edozeini» gerta dakiokeela gogorarazi zuten.
Hori dela eta, manifestaziora deitu zuten hilaren 16rako, eta kalera ateratzeko eskatu zieten Euskal Herri osoko biztanleei. Martxa hori apirilaren 14an egin zutena bezain «erraldoia» eta «historikoa» izatea nahi dute. «Kaleak lehertuko ditugu». Horrez gain, eskatu zuten datozen asteetan herri eta auzoetan deialdiak egin ditzatela, erakusteko gizarteak ez duela bat egiten epaiarekin: «Bakoitzak nahi duen moduan erakuts dezake bere desadostasuna». Horretarako, jada gizarte eragileekin harremanetan jarri direla esan zuen Pozuetak.
*Albiste honetan jasotako informazioaren zati bat Berria.eus webgunetik jaso dugu, CC lizentziaren bidez.