Eskolarako lau ibilbideen mapak

Ubane Madera 2018ko eka. 1a, 09:32

Umeak eskolara oinez; argazkia: Fernan Oregi.

Astelehenean, 08:45ean abiatuko dira eskolara oinez ume taldeak, begiraleek eta guraso boluntarioek lagunduta. Izena eman duten neska-mutikoekin abiatuko da Eskola Bidea proba pilotua; edozelan ere, interesa duenak edozein momentutan eman dezake parte hartzeko izena. Xehetasunak eskolaren bitartez banatuko dituzte etxeetara. Mapak albiste barruan daude.

Udalerriko lau puntutatik abiatuko diren beste horrenbeste bide aukeran emanda, eta bide bakoitzean geralekua eta irteteko ordua zehaztuta (08:45) hasiko dute neska-mutikoek Eskola Bidearen proba pilotua, astelehenean. 

“Eskolarekin berba eginda, hobetsi egin dute ikasleak eskolara justu samar edo 5 minutu beranduago iristea, goizago heldu eta han denbora egiten egon beharra baino”, esplikatu zuen Andoni Iñurritegik, Hezkuntza proiektuko dinamizatzaileak ekimenaren azalpenean.

Bideak koloreka identifikatuta, honakoak dira: 

Bide berdea:

Bi adar ditu:

 

1a-Sagarrerrekako jolas-parketik irtengo da, oinezkoendako pasabidetik Ezozibideko biribilguneraino, handik Arraikuarako bidea hartuko dute eta Estaziño kaletik eskolara iritsiko dira.

1a- Gabolatseko 28. atari paretik irten (telefono kabina ondotik) Plaza Zaharrera, igogailuko eskaileretatik gora. Bidean elkartuko da bigarren besoarekin, Estaziño kaletik etorriko dena.

Bide urdina

Baltegietan hasiko da. Pasealekuaren hasieran (garajean) izango du geralekua, pasealekutik Zubi Nagusira eta handik udaletxea joango dira, eta Elizburu kaleko eskaileretatik gora egingo dute.

Bide gorria

Errekalde 37ko parketik (Arantzazu parkea) espaloitik Olako zubiraino joan, hura zeharkatu eta aldapatik gora egingo dute, Zeletako eskaileretatik, kanposantura eta handik eskolara. 

Bide horia

Atxuriko iturri parean izango du geralekua; Errekaldeko zubitik zehar, Santa Ana kaleraino iritsi, Galipotera joan, handik frontoira eta frontoitik eskaileretatik gora egingo dute, eskolaraino.