Domeka da giza katerako izena emateko azken eguna

Ubane Madera 2018ko mai. 31a, 16:02

Soraluzeko Gure Esku Dago dinamikoa kideak mahaian.

Gaur eta bihar arratsaldean, eta domeka goizean atzera ere ipiniko dute mahaia Soraluzeko Gure Esku Dago dinamikako kideek. Bertan eman daiteke izena ekainaren 10eko giza katerako zein Elgoibarrerako autobuserako. 340 herritar daude saretuta oraingoz.

Giza-katea 12:00-12:30ak bitartean osatuko da, eta Soraluzetik Elgoibarrera joateko hainbat modu eskainiko dituzte; besteak beste, oinez edo autobusez.

Oinez 

Oinez joan nahi duenarendako, 08:30ean egin du hitzordua Soraluzeko Mendi Taldeak Plaza Berrian, Elgoibarrera menditik joateko, Ezozi aldetik. Soraluzeko Gure Esku Dago dinamikatik esandakoaren arabera, ibilbide erraza da egingo dutena, umeekin-eta egiteko aproposa.

Autobusez 

Horrez aparte, autobusak izango dira, norberaren beharren arabera erabiltzeko: joan-etorria egin daiteke (3 euro) edo etorria bakarrik (2 euro nagusiak, euro bat umeak). Adibidez, menditik doazenek ere aukera izango dute autobusa erabiltzeko Soraluzera bueltatzeko edo Eibarren egingo den ospakizunera joateko.

Jaia Eibarren

Izan ere, giza-katea amaituta, Eibarren segituko du jaiak. 13:00etan, Untzagan elkartu eta gero, Parrapas taldearekin erromeria izango da, eta 14:30ean, herri bazkaria Biziminaren eskutik (15 euro; langabeek eta ikasleek 10 euro). Bukatzeko, kontzertuak izango dira La Basu eta Koban taldeekin.