Kultura aniztasunaren aberastasuna, Elkarbizitza Egunaren oinarri, gaur eskolan

Ubane Madera 2018ko mai. 31a, 11:00

Plaentxi Herri Eskolako hainbat ikasle, patioan.

Esanguratsua izango da gaur, eguena, Plaentxi Herri Eskolan egingo duten Elkarbizitza Eguna. Kultura-aniztasuna eta elkar ezagutza oinarri eta helburu, horren erakusle diren ekintzak egingo 16:45ean hasi eta 19:00ak bitartean, eskolan, patioan, batez ere. “Hezkuntza komunitate osoari” zuzendutako eguna da Elkarbizitza Eguna.

Hori horrela, ekimenera daude deituta gurasoak, irakasleak, ikasleak, ikastetxeko langileak (jangelakoak eta garbitzaileak) eta oro har, herritar guztiak.  

Musika, dantzak eta jatorri desberdinetako kulturarekin zerikusia duten bestelako ekintzak izango dira protagonista gaur arratsaldean, eskolako ikasleen eta irakasleen eskutik. 

Soraluzeko ordezkaritza 

Bestalde, maiatzaren 11n lurralde mailako hezkuntza jardunaldietan parte hartu zuten Plaentxi Herri Ikastetxeko zuzendariak eta ikasketa-buruak. Horrelaxe eman dute esperientzia haren berri Plaentxia Herri Eskolatik: “Ikasten duen eskola Ikas(t)etxea. Horixe izan da aurtengo XVII. Gipuzkoako Hezkuntza Berriztapen Jardunaldien izenburua eta bertan izan ziren Arantza Mata Plaentxi Herri Eskolako zuzendaria eta Pili de la Presa ikasketa-burua, eskolako esperientzia kontatzen. Eguneroko jardunaz elkar ikasten izenburua ardatz, ikastetxeak 6 ikasturtetan egin duen ibilbidea nola bideratu den azaldu zuten, maiatzaren 11n, Donostiako EHUko campusean, ia 200 entzuleren aurrean, horien artean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, Berritzeguneetako zuzendariak eta aholkulariak, ikastetxeetako zuzendaritzak eta irakasleak zeuden.  

Argi dago hezkuntza eragile guztien ardura dela, ikasleek funtsezko konpetentziak eskuratzea alegia, norbera bere esparruan, elkarlanean eta elkar ikasten. Plaentxi HLHIk azken ikasturteetan konpetentzien garapena bermatze aldera eraldaketa bidean jarraitzen du, ezinbestekoa delarik familien parte hartzea, irakasleriaren inplikazioa eta formazioa eta zuzendaritzaren lidergo pedagogikoa”.