Geoparkeko aztarna fosil baten erreplika zehatza egin dute

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko mai. 30a, 16:29

Euskal Kostaldeko Geoparkean dagoen iknofosil baten erreplika zehatza aurkeztu zuten pasa den ostiralean Zumaian. Erreplikatu den aleak aztarna-fosil ugari ditu, 50 arrasto baino gehiago; euskal kostalde osoan ez da ezagutzen gaurdaino horrenbeste arrasto dituen iknofosilik.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak hamar bat aztarna-fosil edo iknofosil ditu identifikatuta flyscheko labarretan, konkretuki, Deba-Zumaia arteko itsasertzeko Biotopo Babestuan. Balio zientifiko aparta duten aleak dira, eta etengabeko jarraipena egiten zaie higadura naturalaren ondorioz jasan ditzaketen kalteak garaiz detektatu ahal izateko. Duela hilabete batzuk deskubritu zen ale hauetako bat erortzeko eta galtzeko arriskuan dagoela. Hau ikusita, Geoparkeko lantalde zientifikoek, Biotopo Babestuko kudeatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Scolicia motako iknofosilaren erreplika zehatza sortzeko proiektu berritzailea jarri zuen martxan.

Erreplika zehatza

Erreplika egitearen arrazoiak bi izan dira: batetik, iknofosila dagoen lekua ingurune-faktoreekiko oso sentikorra da eta, bestetik, haitzetatik kalterik eragin gabe ateratzeko ezintasuna dagoela. Hori dela eta, ale originala bere jatorrizko lekuan utzi da, inguru fisikoa aldatu gabe.     

Erreplika IGMEk, Geologia eta Meatzaritza Institutuak egin dute, Eleuterio Baeza Museo Geomineroko kontserbatzailearen zuzendaritzapean, eta EHUko Arte Ederretako ikasle talde baten laguntzarekin. Lan zorrotza egin ostean, iknofosilaren erreplika zehatza egitea lortu dute; bolumena, kolorea, eta testura berdin-berdinak dira.

Duela 53 milioi urteko izaki bizidunen aktibitateari buruzko informazioa

Erreplikatu den aleak aztarna-fosil ugari ditu, 50 arrasto baino gehiago; euskal kostalde osoan ez da ezagutzen gaurdaino horrenbeste arrasto dituen iknofosilik. Ekinido arrasto multzoa ikus daiteke bertan, itsas trikuaren itxurako animaliek egindakoak. Sei metro ditu luzeran eta ia metro bat zabaleran. Ikusgarria da tamainagatik, baina bereziki bikain kontserbatuta dagoelako nabarmentzen da. 53 milioi urte ditu eta 1000 metroko sakoneran eratu zen, itsas hondo ilunean.