“Sushi Asiako Sorakawua herriko kobazulo batean bizi den dragoi magikoa da. Berak asmatu zuen musika eta herritarrekin alai eta pozik bizi da. Baina behin, herritarrak elkarren artean haserretu egin ziren, eta horrek Sushi dragoia gaixotu eragin zuen, eta herritarrak musika egin ezinda geratu ziren.
Dragoiaren egoeraz jabetzean, inguran bizi zen amona jakintsuarengana joan ziren herritarrak laguntza eske. Hark kontatu zien Sushiren kondaira, eta zela musikaren bidez denak duen konponbidea. Horren jakitun, herritarrek Sushi dragoiari erakusten diote gauza direla musika baliatuta arazoak konpontzeko eta elkarrekin pozik bizitzeko. Eta horrela Sushi osatu egiten da eta dena bere onera bueltatzen da”.
Guztiek batera abestu
Horixe da gaur Plaentxi Herri Eskolako 3 urtetik hasita Lehen Hezkuntzako 2. mailara bitarteko neska-mutikoek ikusi eta entzungo duten ipuin musikatuaren istorioa. Kontzertuaren amaieran, gainera, asteotan eskolan entseatzen ibili diren Ametsak ez dauka inongo mugarik (Dragoi Bola marrazki bizidunen amaierakoa) kantu ezaguna abestuko dute musika eskolakoekin batera.
Ikasturte amaierakoa
Kontzertu horrez gainera, beste hiru hitzordu ere egin dituzte Soraluzeko Musika Eskolakoek datozen asteotarako, aurtengo ikasturtearen azken txanpan sartuta: ekainaren 6an, diploma atera behar dutenek proba egin behar dute. Ekainaren 13an, berriz, Nire Lehen Kontzertua egingo dute, eta horri buruz zera adierazi digu Nagorek: “lehen mailan instrumentua landu dutenek pieza bat edo bi jotzen dute, eta diploma lortu dutenek ere jotzen dute kontzertu horretan, 18:30ean, Musika Eskolan bertan”. Bukatzeko, ekainaren 20an ikasturte-amaierako kontzertua izango da, eskolako frontoian, 18:30ean.
Halaber, musika eskolak gaur zabaldu du datorren ikasturterako matrikulazio epea, ekainaren 22ra arte zabalik egongo dena.