Mapa Morea: Soraluze herritar guztiendako herria izan dadin laguntzeko tresna

Ubane Madera 2018ko mai. 29a, 15:48

Yoana Azpitarte teknikaria azalpenak ematen, atzo astelehena, Mapa Morearen aurkezpenean.

Soraluzen beharrezko ikusten dira gertuko ekipamenduak. Bestela esanda, herriaren erdigunera jaisten ez diren herritarrendako ekipamenduak beharko lirateke euren bizilekuetatik gertu. Horixe da Mapa Morearen bitartez ondorioztatu den puntuetako bat, atzo astelehena, esplikatu zuten moduan.

Adibide batekin ilustratu zuten behar hori: Ezozibideko biribilgunean dagoen autobus geltokia behin baino gehiagotan erabili izan dute bertako auzotarrek topaleku bezala, elkarrekin egon eta berba egiteko. Ekipamendu egokia faltan dute, bada.

Gaizki egitea saihesteko

Beste ondorio bat: herrian obraren bat edo antzerako ekintzaren bat egin aurretik, arlo askotariko ikuspegiak kontrastatu behar dira jarduera edo obra hori gauzatu aurretik. Horixe delako, hain justu, gaur gaurkoz desegokiak ikusten diren emaitzak saihesteko-konpontzeko biderik zuzenena. Adibidez: herriko puntu beltzak (Errekaldeko zubiko tunela, Calongekoa…).  

Edo goian aipatutako moduan, Ezozibidekoendako aterperen bat ipintzea, obra egin behar zela aprobetxatuta.

Ondorio horiek eta bestelakoak partekatu zituzten atzo, osoko bilkuren aretoan egin zen Soraluzeko Mapa Morearen aurkezpenean. 

Herritar guztiendako  

Izan ere, Udalaren erabilerarako landu den tresna horren helburu orokorra da “herritar guztien beharrei erantzungo dien hirigintza inklusibo bat bultzatzeko tresna izatea”. (…) “Emakumeen autonomia errazten bada, herritar guztien autonomia” bultzatzen delako; edo “nagusien autonomia errazten bada, adibidez, nagusi horren zaintzailearen autonomia ere erraztuko” delako, esplikatu zuen Yoana Azpitartek, Parekidetasun teknikariak. 

Mapa Morea egiteko hirigintzaren eta kaleen azterketa eta ondorengo diagnosia egin dute, honako irizpideak kontuan hartuta:

  • Segurtasuna eta autonomia.
  • Mugikortasuna eta irisgarritasuna.
  • Zaintza eta lan ugalkorra.
  • Eguneroko bizitzarako espazio eta ekipamendu publikoen sarea.
  • Adierazgarritasuna eta presentzia sinbolikoa.  

Hori horrela, atzoko aurkezpenean, besteak beste, jakinarazi zuten udal teknikariekin herriko hainbat puntu aztertu dituztela. Eta emaitzak desberdinak izan direla gizonezkoen ikuspuntua izan edo emakumezkoena izan.

Estaziño ingurua 

Aztertu duten puntuetako bat Estaziño ingurua izan zen. Kasu horretan, gizonezkoek esparrua egokia zela iritzi zuten; aldiz, emakumeek ezetz, irisgarritasuna falta dela, besteak beste, zebrabidera iristeko espaloiak ez duelako arrapalarik.

Kiroldegia 

Kiroldegia ere aztertu dute Mapa Morearen bitartez. Eta ondorioztatu dute, oso azpiegitura garrantzitsua dela, kirol jarduerez aparte, bestelako asko ere badituelako bertan: ludoteka, gaztelekua, erakusketa gela, antzokia, liburutegia… Hori horrela, esaterako, bertako itxarongela (pasealekutik sartuta dagoena) apur bat gozatuta, egongela eta herritarrendako topagune egokia bilaka daitekeela uste dute. 

Edo kiroldegiak dituen zerbitzu askotarikoak kontuan hartuta, Kalebarrenek duen “zentralitatea” apur bat banatu egin daitekeela, ibaiaren beste aldearen mesedetan. 

Edo Soraluzerendako horren garrantzitsua den ibaitik gertu-gertu egon arren ere, kiroldegiak duen bunker itxurako egiturak (paretak alde guztietatik), ez duela ahalbidetzen ibaiarekin inolako harremanik izatea. 

Plaza Zaharra

Aztertu den hirugarren espazioa, berriz, Plaza Zaharra da. Kasu horretan, besteak beste, honakoa ondorioztatu da: “Espazioak zaintza lanak errazteko ekipamendu edo espezializazio maila hobetzea gomendatzen da, kontsumitu gabe plazan egotea kalitatezko esperientzia izan dadin eta jolasteko edo elkartzeko baliagarri izan dadin. Errekarekin duen harremana indartzeak lagundu dezake. Baita egun aparkalekua den eta goiko mailekin elkartzeko baliagarri den espazioekin lotura zuzenagoa sortzeak. Plazaren eragin positiboa hedatzea gomendagarri deritzogu”.  

Horrelakoak eta beste mahai-gaineratu ditu, beraz, Mapa Moreak, “etorkizunari begira hirigintzaren eta generoaren inguruan sakontzen jarraitzeko edota hirigintzaren alorrari eragiten dioten hainbat dokumentu estrategikotan eragiteko” helburuarekin. 

Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordeak bultzatu du Mapa Morea eta Projekta Urbes enpresak dinamizatu du.