Ekainaren 4tik ekainaren 15era bitartean egingo dute Eskola Bideari dagokion proba pilotua. Udalerria bere osotasunean aztertu ondoren, lau ibilbide antolatu dituzte LH1etik aurrerako neska-mutikoendako. Eta Kukumixoko hezitzaileek eta guraso boluntarioek lagunduta joango dira eskolara ume taldeak bide horietatik.
08:45ean abiatuko dira eskolara
Hain justu, ibilbide bakoitzean elkargunea eta ordua zehaztu dute: 08:45ean abiatuko dira neska-mutikoak eskolara. “Eskolarekin berba eginda, hobetsi egin dute ikasleak eskolara justu samar edo 5 minutu beranduago iristea, goizago heldu eta han denbora egiten egon beharra baino”, esplikatu zuen Andoni Iñurritegik, Hezkuntza proiektuko dinamizatzaileak ekimenaren azalpenean.
Lau ibilbide
Ibilbide bakoitza kolore batekin identifikatuta, honakoak izango dira:
Bide berdea: bi adar
1a- Gabolatseko 28. atari paretik irten (telefono kabina ondotik) Plaza Zaharrera, igogailuko eskaileretatik gora. Bidean elkartuko da bigarren besoarekin, Estaziño kaletik etorriko dena.
1b-Hau Sagarrerrekako jolas-parketik irtengo da, oinezkoendako pasabidetik Ezozibideko biribilguneraino, handik Arraikuarako bidea hartuko dute eta Estaziño kaletik eskolara iritsiko dira.
Bide urdina
Baltegietan hasiko da. Ibilbide hasieran (garajean) izango du geralekua, pasealekutik Zubi Nagusira eta handik udaletxea joango dira, eta Elizburu kaleko eskaileretatik gora egingo dute.
Bide gorria
Errekalde 37ko parketik (Arantzazu parkea) espaloitik Olako zubiraino joan, hura zeharkatu eta aldapatik gora egingo dute, Zeletako eskaileretatik, kanposantura eta handik eskolara.
Bide horia
Atxuriko iturri parean izango du geralekua; Errekaldeko zubitik zehar, Santa Ana kaleraino iritsi, Galipotera joan, handik frontoira eta frontoitik gora egingo dute, eskolaraino.
Aldaketak egon litezke
Edozein modutan, Eskola Bidearen antolatzaileek argi laga nahi dute horiek guztiak “bide proposamenak” direla, baina “seguru aski, aldaketak” izango dituztela, “proba pilotuak erakutsiko ditu zeintzuk”, gaineratu zuten.
Hori bai, bideen aukeraketa egiterako orduan, ahalegindu dira lau bideak ez daitezen elkartu puntu jakinetan, umeak pilatzea ekiditeko. Bestalde, puntu kritikoak kontuan hartuta, saiatu dira horiei alternatibak bilatzen, adibidez, udaletxe paretik ez pasatzen lau bideak, edo zirkulazio handia duten ibilbideak saihesten, espaloi estuak dituztenak…
Saiatu dira “puntu seguru eta errazak” topatzen, “umeak euren kabuz joan daitezen”. Bestalde, Iñurritegik kontatu dzuen irisgarritasun aldetik badaudela “traba batzuk” eta horiek guztiak ekiditea ez dela “erronka erraza”, baina halakoak ere kontuan hartu dituztela.