Deiene Gisasola: "Jendeak laguntzak ditu, lana topatu ahal duzu… erraza da Finlandian bizitzea"

Ubane Madera 2018ko mai. 28a, 19:00

Deiene Gisasola Pieni-Piilo lakuan; 'Ezkutoki Txiki' esan nahi du lakuaren izenak.

Deiene Gisasola (Soraluze, 1991), 2011n joan zen lehen aldiz Finlandiara, Helsinkira. Erasmus bitartez bertaratu zen, eta urtebete eta gero, Soraluzera bueltatu zen, ikasketak amaitu behar zituen-eta. Behin Arte Ederren gradua eskuratuta, atzera ere joan zen Finlandiara, au-pair modura. Harrezkero han bizi da.

- Oraindik au-pair zara?

Urtebete au-pair moduan egon eta gero, jatetxe batean nago lanean, manager moduan (Safa’s jatetxea). 

-Zer egiten du jatetxe bateko managerrak?

Janari eskariak egin, langileen txandak antolatu, jabeekin berba egin eta jatetxean lan egin. Izan ere, dena egiten dugu denok. Leku moderno horietako bat da. Ez ditugu mahaiak zuzenean zerbitzatzen, jatetxera datozenen izenak hartu, euren eskaria apuntatu eta gertu dagoenean, euren izenak deiadarka esan, eta eurak datoz janari bila. Jatetxe begetarianoa da, beganoa.

-Zer da Finlandiatik horrenbeste gustatzen zaizuna?

Gustatzen zait Helsinki ez delako hiri oso handia; sentitzen zara herri batean egongo bazina moduan. Helsinkiren erdigunea txikia da, eta mundu guztiak ezagutzen du mundu guztia. Ez du hiri handien zoramena. 

-Eta bertako bizimodutik zer duzu gustukoen?

Gustatzen zait erraza dela ondo bizitzea. Gobernua oraindik ondo dute, funtzionatzen du. Jendeak laguntzak ditu, lana topatu ahal duzu… Erraza da hemen bizitza. Eta bertakoak hasieran hotzak-eta diruditen arren, ezagututakoan oso jende ona dira.

-Hortaz, egia da horko bizimoduaz eta politikagintzaz esaten dutena?

Akaso apur bat idealizatuta egon liteke, baina askoz ere hobeto dago hemen kontua. Perfektua ez da, noski, ezer ez da perfektua. Baina bizimodua han baino askoz ere hobeto dago hemen.

-Hemengo zerbait igarriko duzu faltan…

Mendiak. Ni baserrikoa naiz, eta hemen ez dago batere mendirik, hau lau-laua da. Eta hango giroa, erromeriak-eta; eta euskaraz berba egitea. Hemen finlandiarrez ere egiten dut berba. 

-Hor segitzeko asmoa duzu?

Hemen pozik nago, bikotekidea ere hemengoa daukat. Nire gauza artistikoak ere lantzen banabil, tatuatzen ikastea nahi dut… momentuz oso ondo nago. 

-Hona etortzen zara, baina? Erakutsi diozu jaioterria bikotekideari?

Urtean behin, behintzat, joaten naiz. Bikotekidea Gabonetan eraman nuen, orain dela bi urte. Oso desberdina iruditu zitzaion , baina asko gustatu zitzaion; batez ere, janaria, merkeagoa dela…

-Norbaitek Finlandia ezagutu nahiko balu zer esango zenioke?

Beti gomendatzen dut hau ezagutzea. Begira, ni probatzera etorri nintzen, bakar-bakarrik etorri nintzen (20 urterekin) eta nire bizitza egin ahal izan dut.