Profesionalak bailiran jardun zuten dantzari gazteek Birakarekin

Ubane Madera 2018ko mai. 28a, 10:00

Ikuslez, dantzariz eta musikaz gainezka egin zuen kiroldegiko frontoiak Biraka Zinema ikuskizunarekin bariku gauean. Harmailak lepo zirela interpretatu zituzten 180 bat dantzarik zinemarekin lotura zuten kantuak, 50 dantzari izan ziren etxekoak. Ikasleak izan arren, guztiek ere profesionalak bailiran jardun zuten, musika indartsuak eta argi dantza koloretsuak lagunduta.

22:00etan hasi eta 23:30ak aldera bukatu zen Biraka Zinema ikuskizuna barikuan, izan ere, 21 dantza prestatu zituen Debabarrenean dantza sustatzeko, erakusteko eta haiekin ikuskizunak antolatzeko Biraka elkarteak. 

Hala ere, arin joan zen ikuskizuna. Dantza batetik bestera apenas segundu batzutako tartea lagata, di-da taularatu eta dantzatu zuten talde bakoitzak zegokion zinema-kantua edo doinua. 

Elgoibar, Eibar eta Mendaro 

Soraluzetarrekin batera, Elgoibartik, Eibartik eta Mendarotik ere bertaratu ziren dantzariak Arane kiroldegiko frontoira. Dotore dekoratu zuten hura, beltz kolorea nagusi zuen dantza-lekuarekin, eta maila oneko kontzertuek izaten dutena moduko argiztapenarekin. 

Emaitzak gustura laga zituen ikusleak zein protagonista izan ziren dantzariak. Datorren urtean ekimena errepikatzeko gogotsu, seguru.