Dantza eta zinema uztartuko ditu 'Biraka'-ren biharko ikuskizunak

Ubane Madera 2018ko mai. 24a, 10:47

Debabarrenean dantza sustatzeko, erakusteko eta haiekin ikuskizunak antolatzeko elkartea da Biraka, bihar, barikua, egingo du Biraka Dantza Elkarteak ikasturte amaierako jaialdia, kiroldegiko frontoian, 22:00etan hasita. 

“Emanaldia ideia jakin baten bueltan antolatu ohi dugu urtero, aurtengoa Biraka Zinema da. Hori horrela, dantza askok zerikusia izango dute zinemarekin: ez badira zinemarekin lotutako musiketan oinarritutakoak, istorioren bat kontatzen duten dantzak izango dira, pelikulak izango balira bezala. Baina guztiak ere motzak izango dira, ze saiatzen gara emanaldia oso dinamikoa izan dadin, eten gutxirekin. Beste urte batzuetako saioetan oinarrituta, ikusi dugu jendeari asko gustatzen zaizkiola gure ikuskizunak ez delako batere aspertzen”. Hori jakinarazi du Josu Mujikak, Biraka Dantza Elkarteko zuzendariak.

50 dantzari Soraluzekoak 

Biraka Zinema ikuskizunak ordu eta laurden iraungo du eta 160 dantzarik parte hartuko dute, batzuk 10 urte edo gehiagoan dantzan dabiltzanak. Elgoibartik, Eibartik eta Mendarotik etorriko dira dantzariak, 6 urtetik hasi eta 45 urterainokoak. Eta haien artean izango dira Soraluzekoak ere, 6-10 urte bitarteko 50 bat dantzari. Hain justu, ikuskizunak izango dituen 18 dantzen artean bost egingo dituzte soraluzetarrek. “Iaz oso ondo funtzionatu zuen, eta espero dugu aurten ere berdin izatea. Iaz, bete egin zen kiroldegia”.

Ikuskizunerako sarrerak egunean bertan salduko dituzte, oso prezio herrikoian, 2-3 euroan.