Asteburukoetatik hasita, Pub Intxisu tabernan, Izagirre igeltseroaren biltegian (Atxuriko zubian) eta Arriogain elkartean sartzen ahalegindu dira ezezagunak.
Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, eta Pub Intxisu tabernari dagokionez, tabernaren alboko aldapan dituen aire girotuetako baten irteera baliatuta ahalegindu ziren barrura sartzen, kanpoko hesia kenduta, baina hori egin arren ere, ezinezkoa da sartzea. Beraz, ez zuten lortu.
Atxuriko zubiko tunelean
Izagirre igeltseroaren biltegiari dagokionez, berriz, hango sarraila apurtzen ahalegindu izanaren zantzuak aurkitu zituzten. Bariku gauetik zapatura bitartean izan zen saiakera hori. Lehenago, gainera, ezezagunek zuloa egin zuten paretan, barruan zer zegoen ikusteko.
Eta Arriogain elkarteari dagokionez, berriz, bertako bazkideak jabetu ziren norbait sarraila manipulatzen-apurtzen ahalegindu zela asteburuan.
Langileak bertan zirela
Joan den astean, berriz, Mendiola Industrialdeko hiru lantegitan izan ziren lapurreta saiakerak: Arasen, Urrestarazun eta SNAEuropen.
Udaltzaingoak esandakoaren arabera, lehen bietan sarrailak erdi apurtuta aurkitu zituzten, baina ez zuten barrura sartzerik lortu.
SNAEuropen kasuan, berriz, bertako bulegoetara sartu egin zirela baieztatu dute. Gainera, langileak bertan zirela sartu ere. Lantegiak albo batean ditu bulegoak eta bestean tailerra, eta horrexegatik bertan zeuden langileak ez ziren konturatu une horretan bertan lapurrak barruan zeudela.
Bulegoan gauzak lekuz kanpo zeudelako jabetu ziren lapurreta saiakeraz, izan ere, berez ez dute ezer faltan igarri. Beraz, hasiera batean, behintzat, lapurtu ez dute ezer lapurtu. Ustea da diru bila joan zirela.
Salaketak jarrita daude, eta Ertzaintza gertakari horien guztien jakitun da.