Musika eskaintza bertatik bertara ezagutzen

Ubane Madera 2018ko mai. 22a, 14:50

Bisitari nahikotxo izan zituen Soraluzeko Musika Eskolak zapatuan, ate irekiak jardunaldien bueltan. Irakasleak eta musika tresnak zain zituzten, hala nahi izanez gero probatzeko, eta horrelaxe egin zuten gehienek, batari zein besteari doinuren bat ateratzen ahalegina eginez. Kalez kale ibili zen, berriz, soraluzetarrek eta eibartarrez osatutako txaranga, ate irekiekin bat eginez.

Izan ere, maiatzaren 30ean zabalduko dute musika eskolan datorren ikasturterako matrikulatzeko epea, ekainaren 22ra arte. Hori horrela, bertako ate irekien helburua zen interesa zutenei erakustea zein den musika eskolako eskaintza. Lehen aldiz egin dute ekimen hori. 

Laburbilduz, 4 urtetik hasita, edozein adineko pertsonendako musika-ikasketak eskaintzen dituzte Soraluzeko Musika Eskolan, “musikarekin bizi eta musikaz gozatzeko”. 

Musika-tresnak

Instrumentuei dagokienez, honakoak ikas daitezke: klarinetea, flauta, saxofoia, tronpeta, tronboia, bonbardinoa, soinua, pianoa, gaita, gitarra, baxu elektrikoa, trikitia, txistua, perkusioa, panderoa eta gitarra elektrikoa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.