Donostiako manifestaziorako autobuserako izen-ematea zabalik

Ubane Madera 2018ko mai. 22a, 09:27
Elkarretaratzearen amaieran informazioa partekatzen.

Asteburuan atzera ere mobilizatu behar dira herritarrak pentsio duinen alde, lurralde mailako manifestazioetan. Soraluzetik autobusa dabiltza antolatzen Donostiakora joateko. 17:30ean dute han hitzordua. Izena emateko Iratxo gozotegira edo Itxaropena elkartera jo beharra dago. Hala jakinarazi zuten atzoko elkarretaratzearen amaieran. 

Asteburuko mobilizazioen berri emateaz aparte, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiako eta Nafarroako Pentsiodunen Plataformak eta Mugimenduen Asanbladak adostutako eskakizunak partekatu zituzten.

Aldaketarik ez

“Zer aldatu da apirilak 19tik maiatzaren 17ra bitartean? Etengabe egin ditugun mobilizazioen ondoren, EAJ-PP akordioarekin egin dugu topo. Esan behar da Pentsio Publiko Sistemak luzarorako ikuspegi eta neurri egonkorrak behar dituela, eta ondorioz, ezin duela aurrekontuen negoziazio erabakien menpe egon”, diote, salatzeaz bat akordio hori egonda ere, ez dutela “2013tik hona galdutako erosmen ahalmena berreskuratzen”, eta “ezetza” jaso dutela “aldarrikapen nagusiari dagokionez: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa”.

Aberastasun handia

Diote “gezurretan” dabiltzala “dirurik ez dagoela esaten digutenean”, adieraziz gaur egun “inoiz baino aberastasun handiagoa” dagoela baina “bere banaketa ere inoiz baino injustoagoa” dela. “Estatu espainolak bere BPG-aren (Barne Produktu Gordinaren) 4 puntu gutxiago erabiltzen ditu pentsioetan, gure inguruko zenbait herrialdek baino, Frantzia, Italia edo Portugal (…) Borondate politikoa ez da arazoa”. 

Eibarren ere bai

Bestalde, zapatuan, Donostiako manifestazioaz aparte, eguerdian eskualde mailakoa ere deitu dute, Eibarren, 12:00etan. Deitzaileek, besteak beste, eskatzen dute Konstituzioan eta aurrekontuetan pentsioak blindatzea eta 2011ko lan erreforma indargabetzea.