Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak euren estrategiak partekatu dituzte herriaren etorkizuneko ekonomia bultzatzen jarraitzeko. Felix Urkola alkatearen eskutik udalerrian dituzten proiektuak, egitasmoak eta erronkak bertatik bertara ezagutu dituzte. Diputatu nagusiak iragarri du ezinbestekoa dela herrietara bertaratzea “udal ordezkariekin eta agente ekonomiko eta sozialekin batera bertako beharrak, proiektuak, ideiak eta estrategiak ezagutzeko”.
Goierri Valley egitasmoak dituen erronka garrantzitsuak azpimarratu nahi izan ditu diputatu nagusiak: "Oinarrian dute industria oso sakona, indartsua, enpresa oso aurreratuekin, ezagutza sistema on batekin eta administrazio publiko egituratu batekin. Horrek dakar ikuspegi ekonomikotik Gipuzkoan bailara indartsuenetakoa izatea, indartsuena ez bada, egituraketa horretan behintzat bai. Eta garbi dugu Foru Aldunditik elkarlan bat bultzatu beharra dugula Goierrirekin, baita Lazkaorekin ere".
Leberri enpresa ere bisitatu dute. Makina elektrikoen kalkuluan, diseinuan eta fabrikazioan diharduen enpresa. Diputatu nagusiak"enpresa etsenplutzat" jo du, "berrikuntzan oinarrituta etorkizuneko tendentziak aurreikusten dituen enpresa eredua" daramatelako aurrera.