Zabalik da udaleku irekietarako izen-ematea

Ubane Madera 2018ko mai. 19a, 09:10
Neska-mutiko kuadrila eta begiraleak iazko udalekuetan.

Uztailaren 9tik 20ra bitartean egingo dituzte aurten udalekuak, Kukumixo Aisialdi Taldearen eskutik. Eta maiatzaren 25era bitartean eman daiteke bertan parte hartzeko izena. Eskaintza astebetekoa edo bi astekoa da, erabiltzailearen aukeran. 15 egunez, 2006-2013 urte bitartean jaiotako neska-mutikoen aisialdia jolasez, irudimenez, dibertimenduz, kulturaz… beteko dute, “euskaratik eta euskaraz”. 

Soraluzeko udaleku irekietan ohi dutenez, “haurren parte-hartzea oinarri, Soraluze jolasgune erraldoi bat bilakatuko” dute. “Txoko, mendi eta kaleetan jolasa izango da nagusi eta gozamena arau. Gure balioetan heziz; hezkidetza, kulturartekotasuna, naturarekiko harremana, elkartasuna, herri identitatea… landuko ditugu. Euskaratik eta euskaraz jolasean arituko gara eta gure inguruko txokoak ezagutuko ditugu”, esplikatu dute egin ohi duten jardunari buruz. 

13:00ak arte 

Eta hori guztia lantzeko, bi astean, uztailaren 9tik 20ra bitartean neska-mutikoen aisialdiarendako proposamen erakargarriak egingo dituzte Kukumixo Aisialdi Taldeko begiraleek, astelehenetik eguenera 10:00etatik 13:00ak bitartean, eta 10:00etatik 17:00etara bitartean, berriz, barikuetan. Jakinarazi dute, horrez gainera, gau bat etxetik kanpora pasatzeko aukera ere izango dela. 

Izen-ematea maiatzaren 25era arte dago zabalik. Data horretatik aurrera, leku libreak dauden bitartean onartuko dituzte matrikula berriak. Iaz, 200 bat lagun ibili zen udalekuen bueltan, gazteak eta begiraleak kontuan hartuta. 

Hobariak 

Aurtengo udalekuei dagokienez, haietan aste batez parte hartzeko 45 euro ordaindu behar dira (35 euro bakoitza, familia bereko matrikula bat baino gehiago bada). Eta bi astez parte hartzeko, berriz, 60 euro (45 euro bakoitza, familia bereko matrikula bat baino gehiago bada). Edozein modutan, hobariak izango dira, familia ugarien kasuan zein errenta aitorpenaren arabera hala dagokienen kasuan. Matrikula udaletxeko harrera-bulegoan egin behar da.