"LGTBIfobiaren aurkako borroka guztion borroka da"

Ubane Madera 2018ko mai. 18a, 11:00

LGTBIren kontrako elkarretaratzea.

Ortzadarraren koloredun bandera aurrean zutela elkartu zen atzo, eguena, hainbat herritar LGTBIfobiaren kontrako egunean, haren kontrako borrokarekin bat datozela adierazteko. Bihar, berriz, Zubi Nagusiko zebrabidea margotuko dute, eguerdian.

Sexu eta genero aniztasuna defendatzeko eta ildo horretan, LGTBIfobia baztertzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Plaza Berrian hainbat herritarrek, gutxi samarrek, egia esan. 

Izan ere, atzoko egun batez orain dela 28 urte, homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu egin zuen Osasunaren Mundu Erakundeak, eta harrezkero maiatzaren 17a da LGTBIfobiaren kontrako eguna. 

Birmargotu eta hamaiketakoa

Egunarekin bat eginez deitu zuten elkarretaratzea atzo. Eta biharko, berriz, Zubi Nagusira gonbidatu ditu Korner Moreak eta Soraluzeko Udalak herritarrak. “LGTB+fobiaren kontrako egunian, ekintza zuzenera gonbidatzen zaitxu Korner Moreak: probatu, dastatu, buzti, gozatu ta zapatuan etorri gurekin zubiko zebra bidia birmargotzera ta hamaiketakua itxera, 12xak bueltan. Ta erreza ez dan arren, kareta kenduta zarenian...ai! Ez dakizu ze sexi zauden!”, diote Korner Moretik.

"Guztion borroka"  

Atzoko egunaren harira, berriz, Soraluzeko Udalak adierazi zuen “LGTBIfobiaren aurkako borroka guztion borroka” dela. Eta horregatik guztiagatik:

  • Sexu eta genero identitate mailako joeragatik inor baztertu, jazarri edo erasotzea salatzen du.
  • LGTBI pertsonen aurkako indarkeriari aurre egiteko protokoloa prestatuko du, LGTBI kolektiboarekin eta kolektibo feministarekin elkarlanean.
  • LGTBI ikuspuntua txertatuko du egoki izan litezkeen programa eta ekintzetan: hezkuntza, osasuna, aisialdia, haurtzaroa eta gaztaroa, pertsona nagusiak...
  • Herriko ikastetxeetan sexu eta genero aniztasunaren errespetuari eta sexu heziketari lotutako programak garatzen jarraituko du.
  • Pertsona homosexualen aldaketarako terapien aldeko jarrerak gaitzesten ditu eta jarrera hauek debekatzeko neurriak hartzea eskatzen die dagokien erakundeei.