Ate irekiak, kontzertuak eta tailerrak, Soraluzeko Musika Eskolaren eskutik

Ubane Madera 2018ko mai. 17a, 12:15
Musika eskolako hainbat ikasle iazko ikasturte amaierako kontzertuan.

Maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 22ra bitartean eman daiteke izena Soraluzeko Musika Eskolan, datorren ikasturterako. 4 urtetik hasita, edozein adineko pertsonendako ikasketa musikalak eskaintzen ditu Soraluzeko Musika Eskolak, “musikarekin bizi eta musikaz gozatzeko”. Zapatuan ate irekiak izango dira, 11:00etatik 13:00ak bitartean, interesa duen edozeinendako, eta kalejira ere bai. 

Datorren ikasturteari begira Soraluzeko Musika Eskolan izena emateko epea zabaldu dutela-eta, bertako eskaintza herritarrei gerturatzeko helburuarekin hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunotarako. 

Hori horrela, bihar, barikua, konbo (bateriaz, gitarraz eta baxuaz osatutako taldeak) kontzertu pedagogikoa egingo dute Herri Antzokian. Institutuko ikasleei zuzendutako hitzordua da, 13:00etan hasiko dena. 

Ate irekiak

Zapatuan, berriz, ate irekien jardunaldia egingo dute. Bestela esanda, 11:00-13:00ak bitartean, Soraluzeko Musika Eskola bisita daiteke eta bertatik bertara ezagutu duen eskaintza musikala. Horrez gainera, 4, 5 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerra ere eskainiko dute. Eta 10:30etik eskolako bertako eta Eibarko Udal Musika Bandako musikariek girotuko dituzte kaleak. 

Ate irekien kasuan, interesa duen edozeini zuzendutako gonbita da: “Eskolako zein herriko haur, gazte nahiz heldu eta familientzat dago zuzenduta, bertan eskaintzen duguna ezagutu, instrumentuak probatu, taldean jo… goiz polit bat, giro paregabean pasatzeko aukera!”, dio Nagore Sanzek, Soraluzeko Musika Eskolako zuzendariak.

Umeendako kontzertua

Horrez guztiaz aparte, besteak beste, maiatzaren 30ean musika tailerrak (umeendakoak) zer diren erakusteko ikasleen kontzertu pedagogikoa izango da, 16:00etan hasita Herriko Antzokian.