Ibaiaren garbitasuna, iturrietako ura eta skate parkea berbagai, besteak beste, Eskolako Agenda 21eko osokoan

Ubane Madera 2018ko mai. 17a, 10:10

Osoko bilkuraren ondoren, talde argazkia atera zuten kontzejupean.

DBHko 1, 2 eta 3. mailako Soraluzeko 38 ikaslek osoko bilkura egin zuten Iker Aldazabal alkatearekin atzo goizean. Eskolako Agenda 21 ekimenaren baitan, Ura eta Ibaiak gaia landu dute aurtengo ikasturtean. Hala, prozesu eta hausnarketa horretatik eratorritako ondorio, galdera eta eskaera batzuk helarazi dizkiote alkateari, Debegesako ordezkariek gidatuta.

10:00ak inguruan hasi eta osoko bilkuren aretoa beteta, ia ordubetez partekatu zuten alkatearekin Ura eta Ibaiak gaiaren baitan ikasitakoak eta horren ondorioz sortu zaizkien kezkak eta galderak.  

Ibaia eta iturriak

Galdera-eskaeren artean, honakoak egin dizkiote alkateari, batzuk aipatze aldera:

•Ibai ertzak ondo garbitzea eta errekara zerbait botatzen duenari isunak jartzea.

•Ibaia garbi mantentzeko sarea jartzea, bertara botatzen dituzten hondakinak batzeko.

•Materia organikoa jaten duten espezieak sartzea, ibaia garbi mantentzeko.

•Deba ibaian arrantza egiteko aukera izatea, baimen barik.

•Galdetu diote ea zergatik iturri batzuetan jartzen duen ur ez edangarria eta beste batzuetan tratatu bako ura dela. Eta beste batzuetan ezer ere ez.

•Urkulutik datorren urari (etxera iristen denari) fluorra botatzen diote. Baina ikasleek egindako azterketen arabera, fluorraren aldeko zein kontrako iritzi zientifikoak daude. Halaber, kontatu dute zela hainbat lekutan dagoeneko ez duten ura fluoratzen, Italian, Frantzian… eta Euskal Herrian ezta Txingudi aldean ere. Hori horrela, Aldazabalekin partekatu dute aukeran nahiago dutela fluorrik botako ez baliokete urari.

•Galdetu zioten zergatik herriko iturri batzuetan jartzen duen ura ez dela edangarria, beste batzuetan tratatu bako ura dela, eta beste batzuetan ura edan egin daitekeela.

Skate parkea, kainoi fabrika… 

Urarekin zerikusirik ez duten gaien artean, berriz, honakoak eskatu-galdetu zizkioten alkateari:

•Skate parkea egitea. 

•Frontoian, jausten diren baloiak batzeko sarea ipintzea.

•Kainoi fabrika inguruan parkea sortzea.

Ur-zikinen kolektorea 

Iker Aldazabal alkateak banan-banan erantzun zituen planteatutako galdera eta kezka guztiak. Lehen hiru galderei erantzunez, besteak beste, gazteei kontatu zien zela azken urteotan Deba ibaia izugarri berreskuratu den, bereziki ur zikinak batzeko kolektorea jarri izanagatik.  

Eta kontatu zien ibaian dauden ahateak, arrainak eta bestelako hegaztiak horren adierazle direla. Horrekin lotuta, eta arrantza egiteko eskaerari erantzunez, alkateak jakinarazi zien arrantza egiteko baimena behar izateaz aparte, Deba ibaiko Soraluzeko tramuan bakarrik hil bako arrantza egin daitekeela, hain justu, bertako arrainak babesteko. Soraluzeko Udalak Diputazioari horrela eskatuta egin dutela hori.

Zabor-poltsa errekara 

Kontatu zien, baita ere, zela  orain dela ez horrenbeste urte herritarrek zabor poltsak botatzen zituzten leihoetatik ibaira. Edo zela ibaia erabat kutsatuta egoten zen, isuriekin eta bestelakoekin. Eta halako jarrerak ere badoazela bideratzen, adibidez, iaz onartutakoa moduko zibismo ordenantzarekin. 

Eta horrekin guztiarekin batera, besteak beste, konpromisoa hartu zuen Ur Partzuergoarekin egingo duen hurrengo batzar orokorrean fluorraren gaineko gogoeta mahai gainean jartzeko.

Kaka arrastoak 

Udalerriko iturriei buruz, berriz, alkateak esplikatu zuen udalerriko iturrietara hainbat iturburutatik iristen dela ura. Erraz ulertzeko moduan, botoidun iturrietara Urkulutik datorren ura iristen da, etxeetara iristen den berbera. Eta hori legez tratatuta dagoela. 

Aldiz, etengabeko jarioa duten iturrietara mendiko iturburuetako ura heltzen da. Ibaiaren eskuma aldean dauden iturrietara (Gabolats, Plaza Berria, Zubi Nagusia…) Ipiñarrietako ura, hain zuzen ere.

Hori horrela, Iker Aldazabalek esplikatu zuen Udalak Ur Partzuergoaren bitartez egiten dituen uren analitikek erakutsi dutela arrasto fekalak dituztela iturri horietako urek, eta horregatik dutela kartela ipinita. “Beti edan izan dugu iturri horietatik ere, beraz, ez dago aparteko arriskurik. Gerta daitekeena da beherakoren bat edo goragaleren bat, baina legez horrela adieraztera behartuta gaude”, esplikatu zuen. 

Skate parkea 

Urarekin zerikusirik ez duten gaiei buruz, berriz, alkateak zera jakinarazi zien gazteei:

•Skate parkea egiteko aurrekontuak eskatzen dabiltzala. Izan ere, iazko likidazioko gerakinaren zati bat horretarako erabiltzeko asmoa du Udal Gobernuak. Skate parkea paddle pistaren ondoan eraikitzeko asmoa dutela kontatu zien gazteei, eta behin aurrekontuak esku artean, gazteei zuzenean aurkeztuko diela zein den ideia, euren ekarpenak jasotze aldera. 30.000 euroko inbertsioa egingo dutela ere jakinarazi zuen.

•Frontoiko sareari buruz, berriz, adierazi zuen eurak gertu daudela halako konpromisoak hartzeko, baina horrekin batera, konpromisoa eskatu zien gazteei herrian bestela badauden elementuak zaintzeko. Hori eskatu zien jakinarazteaz batera frontoiko txapa apurtu egin duela norbaitek asteburuan. 

Kainoi fabrika

•Kainoi fabrikako parkeari buruz, berriz, jakinarazi zien han parkea eraikitzea aurreikusita badagoela, eta horrela jasotzen duela iaz onartutako Egitamu Orokorrak. Alegia, Gabolatseko zubi txikitik SAPAko eraikin nagusirainoko tartean parkea eraikitzea, errekara begira. Eta eraikin nagusitik Sagarrerrekaraino zatian, berriz, etxebizitzak eraikitzea dago aurreikusita. Eta hori guztia egin ahal izateko enpresako jabeekin berbetan dabiltzala. Horrekin batera, baina, esplikatu zien parkea eraiki ahal izateko lehenengo bertan dagoen eraikina bota egin behar dutela, eta lur industriala izanik, eremu hura guztia kutsaduraz garbitu. Halaber, bertan dagoen ondarea gorde egin beharko dela ere adierazi zuen.