Gatazkak kudeatu eta konpontzeko, desberdinen arteko elkarrizketaren garrantzia azpimarratu zuten

Ubane Madera 2018ko mai. 16a, 16:24
Herritarrak eta politikariak atzo, martitzena, Bizikidetza Jardunaldian.

Bizikidetza oinarri, udal ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotziak (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE) bi urtez hilero elkarrekin batzartzen ibili dira. Baketik Fundazioko Maialen Lizarralde erraztaileak bideratuta, elkarrizketa dute oinarri, ezberdinen arteko adostasunak lantzeko. Horixe da Soraluzen eratuta dagoen Bizikidetza Mahaiaren helburua, atzo martitzena, Herri Antzokian egindako Bizikidetza Jardunaldian esplikatutakoaren arabera. Paul Riosek, bakearen eta giza eskubideen aktibistak, gidatu zuen ondorengo gogoetatxoa.

“Laku batera harri bat botatzen duzunean olatu bat sortzen da, eta olatu horrek beste bat sortzen du, eta horrek beste bat… hori da azken batean halako ekimenen helburua, pertsonen ikuspegiak aldatzea, beste modu batera kudeatzea, hori gero herrietan, komunitate desberdinetan zabaltzeko, transmititzeko. Horregatik dira horren garrantzitsuak halako ariketak. Bestela, goiko mailetan lantzen da bakarrik kontua, baina ez da behera iristen”.

Horrela azpimarratu zuen Paul Riosek, Agirre Lehendakari Centerreko aholkulariak eta bakearen eta giza eskubideen aktibistak, Soraluzen alderdi politikoetako ordezkariak lantzen dabiltzan Bizikidetza Mahaia moduko ekimenen garrantzia.

Hain justu, Bizikidetza Mahaia osatu eta bi urtez lanketa hori egiten dabiltzala herritarrekin partekatzeko antolatu zuen, besteak beste, Soraluzeko Udalak atzo gauzatu zen Bizikidetza Jardunaldia.

Ipar Irlandako gatazka

30 herritarretik gora elkartu zen atzo Herri Antzokian, jardunaldi horren bueltan. Lehenengo, In Dialogue (Elkarrizketan) izeneko dokumentala proiektatu zuten, Xuban Intxaustik zuzendutakoa eta Sira Abenoza filosofoak gidatutako elkarrizketa saioetan oinarrituta.

Labrubilduz, eta dokumentalaren izenburuak dioen moduan, mahaiaren bueltan elkartzen ditu Belfasten Ipar Irlandako gatazkan parte izan diren aldeetako kideak: IRAko kide eta preso ohi bat, errepublikano bat, unionista bat, UDAko kide ohi bat, poliziako kide ohi bat eta Britainia Handiko militar ohi bat, Belfasten, 1998ko Ostiral Santuko Akordioak sinatu eta ia 20 urtera.

Laburbilduz, erakutsi nahi du posible dela edozein gatazkari buruz berba egitea, gatazka batean inplikatuta egon diren aldeen artean berba egitea; elkarrizketa posible dela, finean. Ipar Irlandako gatazkak 3.700 hildako eragin zituen, alde guztietakoak.

Bukaeran, ikusitakoari buruz gogoeta egitera gonbidatu zituen Paul Riosek bertaratu ziren herritarrak. “Orain dela 20 urte norbaitek irudikatuko luke Irlandan mahai baten bueltan elkartuko liratekeela IRAko kide eta preso ohi bana, UDAko eta talde paramilitarretako, poliziako, militarren… kide ohiekin? Ez. Elkarrizketa inprobableen eta konbertsazio zailen arteko konbinazioaren ondorio dira”, adierazi zuen bakearen aktibistak.

Pertsonak berba egiteko gertu

Eta gaineratu zuen halakoak noizbait gertatu egin behar direla aurrera egin nahi bada. “Espazio egokia sortu behar dela, seguru sentiaraziko gaituena, konfidantza eragingo duena, gure artean sekula elkartuko ez ginatekeen pertsonekin elkartzeko. Irlandan bake prozesua egin ahal izan da nazioarteko babesa, politikariena, dirua… egon direlako, baina baita ere pertsona ugari gertu zeudelako elkarren arteko desberdintasunak gainditu eta sekula pentsatuko ez luketen pertsona harekin mahaia konpartitzeko. Horrez guztiaz aparte, segurtasun, lasaitasun, konfidantzazko giro horretan, gaitasuna izan dute gauzak, kontakizunak aurpegira esan eta partekatzeko”.

Kontatu zuen, baita ere, desberdintasunak desberdintasun, gatazka pairatu duten herrialde guztietan galdera berberak mahai-gaineratu izan dituztela eta orain ere horrela dela.

Galdera berberak

Horren adibide, Ipar Irlandako gatazkan kartzela batean lanean ibili zen Harold Good apaiz protestantearen berbak nabarmendu zituen Riosek: “Hona hitzaldiak ematera ekarri genuen lehen aldietan, beti izaten zen norbait esaten ziola: baina Irlandako errealitateak eta gureak ez du batere antzik. Eta hark erantzuten zuen: Arrazoia duzu. Baina leku bietan galdera berberak planteatzen dira: zela gogoratu, zela gorde memoria, zela begiratu etorkizunera iragana ahaztu barik, zela aitortu biktimak, zela aurkitu puntu komunak, zela bateratu bakea eta justizia, zela lortu iraganeko biktimei laguntzea eta aldi berean lortu etorkizunean biktima gehiago ez dadila egon”.

Bake prozesu desberdinak

Gogoeta saio horretan, bestalde, kezka batzuk partekatu zituzten hainbat herritarrek. Esaterako, Unai Larreategi EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen desberdintasun handia zegoela Ipar Irlandako eta Euskal Herriko bake prozesuen artean, bereziki, Ipar Irlandako bake prozesuak politikarien babesa izan zuelako, eta hemengoak ez duelako horrelakorik izan.

Horri erantzunez, Paul Riosek azpimarratu zuen horrela dela, ez dela ez akordiorik eta ezta negoziaziorik izan hemen, eta horrek eztabaida luzerako emango zuela, garrantzitsua delako esandakoa.

Berradiskidetzerako giro aproposa

Baina halaber, azpimarratu zuen hemen, Euskal Herrian politikarien arteko akordiorik egon ez den arren, gizartearen konpromisoa dagoela, besteak beste, “iragana ez errepikatzeko, giza eskubideak ez urratzeko, indarkeria ez erabiltzeko, biktima guztiak aitortzeko, presoak gertuko kartzeletara ekartzeko, eta edozein gatazka konpontzeko bidea elkarrizketa eta akordioa” direla aitortzeko. Eta adierazi zuen, bere ikuspuntutik, hori akordio politikoa baino garrantzitsuagoa dela.

Adibide modura ipini zuen gaur egun Kolonbian adostutako bake prozesua politikarien artean adostutako “prozesu erraldoia” izan arren ere, zailtasun handiak dituztela prozesu hori herri mailan inplementatzeko orduan, hango herritarren artean ez dagoelako akordiorik, “gizarte zibilak ez duelako horretan parte hartu”. Hori horrela, azpimarratu zuen hemen daukaguna, besteak beste, ez dela “gutxi, asko da eta aprobetxatu beharko genuke “bizikidetza eta berradiskidetzea” lantzeko. Eta Soraluzen egiten dabiltzan moduko Bizikidetza Mahaiek bide horretan asko laguntzen dutela.