Neska-mutiko eta gazte mordoa erakarri zituen Jose Morales ziba txapeldunak gidatutako ziba hitzorduak. Moralesek erakustaldia egin zuen lehenengo, zibarekin landu ditzakeen joko eta figura ikusgarriak eginez. Txalo zaparrada artean egin zituen erakustaldiak, guztiak ere ikusgarriak oso.
Ziba bana opari
Gazteen eta umeen txanda etorri zen ondoren. Moralesek esandakoak eginez, lehian jardun zuten, nor baino nor trebeago zibarekin. Finala eta guzti jokatuta, umeen zein gazteen mailetan, lehen hiru irabazleek sari eta guzti izan zituzten; lehenengoek, noski, ziba bana jaso zuten opari.
Moralesek jakinarazi zuen, gainera, 15 egun barru atzera ere etorriko dela Soraluzera. Maiatzaren 29an, bada, 16:40an zibarekin hitzordua dago udalerrian. Bien bitartean, buru-belarri praktikatzen ibiliko dira ume eta gazte asko, kalean ikusten den moduan, moda-modan daude-eta zibak Soraluzen.