Estaziñoko jolas-parkearen inaugurazio jaia eguraldi petralak elizpera eramanarazi izanak eman zuen ideia orain “udaberrian sartuta gaudela, parkean bertan” jaia eginez azkenean parke berria daukagula ospatzeko.
Jolasak hainbat eremutan
Eta horrela egin zuten barikuan. Estaziño inguruan dauden bi jolas-parkeak (goikoa eta behekoa) eta eskolako sarrera baliatuta ekintza desberdinak egiteko eremuak egokitu zituzten: eskolako sarrera, irabiatuak egiteko egokitu zuten; parke berrian aurpegiak margotzen eta graffitiak egiten ibili ziren, eta beheko parkean, berriz, oreka jolasak egin zituzten, zuhaitz batetik bestera parkea zeharkatzeko goma ipinita.
Hori guztia egin zuten ludotekako, gaztelekuko eta Kukumixoko begiraleek lagunduta eta Hezkuntza Proiektuko dinamizatzaile Andoni Iñurritegi ere bertan zela.
Bide batez, Estaziñoko parkea, Haurren Herriari Ekin proiektuaren barruan kokatutakoa, abiapuntua izan dela, eta “aurrerantzean ere, herrian esperimentaziorako, sormenerako eta jolaserako guneak izateko lanean jarraitzeko gogotsu gaudela” partekatu zuten.