Pentsioen etorkizuna bermatzeko protestan segitzen dute

Ubane Madera 2018ko mai. 15a, 09:22

Erretiratu eta pentsiodun taldea atzo, Plaza Berrian.

Beste astelehen batez, Plaza Berria bete egin zuten erretiratuek eta pentsiodunek pentsio publiko “duinak” aldarrikatzeko. Pare bat astez ohi baino jende gutxixeago bertaratu ondoren, atzo berriro ere jendetsu ikusten zen protesta ekitaldia. Amaieran iragarri zuten “aurrera” doazela maiatzaren 26ko mobilizazioekin.

Hain justu ere, maiatzaren 26an mobilizazio orokorrak deitu dituzte, eskualde mailan zein lurralde mailan. Hori horrela, eguerdi partean Eibarren egin dute hitzordua eta Debarroko pentsiodunak bertara daitezen gonbidatu dituzte.

Arratsaldean Donostian

Arratsaldean, berriz, Donostian egingo dute manifestazioa, eta horra begira dabiltza autobusa antolatzen Soraluzetik bertaratzeko aukera eman ahal izateko. Izena eman daiteke Itxaropena erretiratuen elkartean.