Deba inguruak barrutik eta kanpotik ezagutu zituzten

Ubane Madera 2018ko mai. 14a, 13:00
Soraluzeko gazte kuadrila Ermittia kobazulo barruan. Argazkiak: Itziar Agirre.

“Demaseko arrakasta”. Halaxe baloratu dute atzo, domeka, Debako Ermittia kobazulora egindako espeleologia irteera. Mendi taldearen eskutik, 20 gaztetik gorako taldeak ezagutu zuen kobazuloa bertatik bertara, eta gero hondartzara joan ziren, bainu eta guzti. Beste talde batek, berriz, Lastur-Lizarreta-Deba mendi ibilaldia egin zuen. Atzokoan, guztiek ere “ondo lokaztuta” bukatu zuten eguna.

“Oso gustura, kobazuloa oso ondo dago. Demaseko arrakasta izan zuen irteerak. Kobazuloko toki batzuk estuak dira, eta etzanda pasatu behar da… oso ondo egon zen. Gainera begiraleak oso-oso jatorrak izan ziren. Esperientzia oso polita. Eta gero hondartzara joan ginen. Bakarren bat geratu zen bainatzeke, baina beste guztiak bainatu eta guzti egin ziren", kontatu du Itziar Agirrek, Mendi taldeko ume eta guraso elkarteko kideetako batek.

"Ondo lokaztuta"

Espeleologia irteeraz aparte, mendi irteera ere egin zuten mendi taldekoek. Kasu horretan, adin guztietako lagunek parte hartu zuten, Lastur-Lizarreta-Deba ibilaldia egiten. "Mendikoek egun aldrebesagoa izan zuten. Tontor inguruan bidea labana zen, euri zaparradak harrapatu zituen, bidea ere ez zegoen oso ondo markatuta… Haiek gero Debara, herrira joan ziren, frontoira. Atzo guztiek ere ondo lokaztuta bukatu genuen. Baina oso ondo”, gaineratu du Agirrek.

15 egun barru dute hurrengo mendi irteera, maiatzaren 27an.