Mendi ibilaldia eta espeleologia irteera, asteburuan

Ubane Madera 2018ko mai. 9a, 13:05

Ermittia Behekoa kobazuloa. Argazkia: SakoN Espeleologia Taldea.

Hitzordu bikoitza egin du Soraluzeko Mendi Taldeak oraingo domekarako: batetik, Lasturretik Debarainoko mendi ibilaldia egingo dute, eta bestetik, espeleologia irteera egingo dute, hori ere Deban, Ermittia Behekoa kobazuloan. Deban borobilduko dute eguna.

Lasturretik Debarainoko ibilbideari dagokionez 8,852 kilometrokoa da, edozeinek  egiteko modukoa: umeek, helduek zein nagusiek.

25 gazte, lau begirale

Espeleologia irteerari dagokionez, berriz, hor ezin izango du edozeinek parte hartu, mendi taldeko bazkide diren 3. mailatik gorako neska-mutikoek, baizik.

Hain justu ere, 25 gazte joango dira Ermittia Behekoa kobazuloan espeleologia egitera, lau begiralek lagunduta. Lasturrerako bidea hartuta, Debako harrobitik oso gertu dagoen kobazuloa da berau, Itziar Agirrek, Soraluzeko Mendi Taldeko umeen taldeko kideak esplikatutako moduan.

Halaber, espeleologia irteeran parte hartu behar dutenei zira, katiuskak edo botak eta kobatik irten ondoren aldatzeko jantziak eramatea komenigarria dela gogora ekarri diete.

Bainua Deban

“Gero, elkartuko gara denok Deban, bertan bazkalduko dugu eta nahi duena bainatu egin daiteke. Beraz, bainu-jantziak eraman edo ez, bakoitzak bere esku”, dio Agirrek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.