Ginkana, bazkaria eta kontzertuak zapatuko Klik Egunean

Egoitz Unamuno 2018ko mai. 8a, 10:49

Gure Esku Dagok antolatu zuen lehen jaialdia, 2014an. (Argazkia: Carlos de Cos)

Klik Eguna ospatuko da zapatuan, Soraluzeko Gure Esku Dagok antolatuta. Ekainaren 10ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuak lotu nahi dituen giza-kateari begira "giroa berotzeko" pentsatutako jaia izango da. 

Soraluzeko Gure Esku Dagok egun osoko egitaraua antolatu du “adin guztietako soraluzetarrei begira eta ilusioa pizteko helburuarekin”. Klik Eguna deitu diote, “erabakitzeko eskubidearen jaia elkarrekin ospatuz, herritarrek euren buruetan klik egin dezaten nahi dutelako”. Gure Esku Dagoko kideen ustez, erabakitzeko eskubidea, “epe luzera begira, bizikidetzarako ezinbesteko tresna da, eta etorkizunean tresna hori baliatu ahal izateko bidea jorratzen segitzen dugu, guretzat eta gure ondorengoentzat nahi dugun etorkizuna eraikitzen”.  

Horrekin batera, ekainaren 10ean erabakitzeko eskubidearen alde egingo den 202 kilometroko giza kateari herrian “bultzada handi bat emateko” ere antolatu dute eguna. Izan ere, ekainaren 10ean Soraluzeko Gure Esku Dagok 500 herritar mobilizatu nahi ditu Soraluzetik Elgoibarrera, han giza katean parte hartzeko. Dagoeneko 150 herritarrek eman dute izena.

Egun osoko egitaraua 

Egitaraua goizeko 11:30ean hasiko da kalez kale egingo den herri-ginkanarekin, eta ume, heldu eta nagusiek parte hartzeko moduko probak gainditu beharko dituzte. Bitartean, Katiuska klowna ibiliko da kaleak girotzen. Arratsaldeko 13:30ean argazki kolektiboa ateratzeko batuko dira, eta, ostean, 14:30ean herri-bazkaria egingo dute Zubi Nagusian (euria bada, kiroldegiko frontoian), bazkalondoko kantu-saio eta guzti (txartelak eskuratu nahi izanez gero, zuzenean antolatzaileei eskatu).

Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Lesakako Elutxa txaranga ibiliko da kalez kale giroa berotzen, eta, zubian, pintxoak eskainiko dituzte, goizetik erretzen jarriko duten txerriarenak. Gauean, berriz, 10.30etik aurrera, musika-jaialdia hasiko da. Bertan izango dira: La Furia (rapeatzaile feminista nafarra), Kokein eta Deus ez (rock-talde eibartarrak).

Mahaia egun osoan

Gure Esku Dagok mahaia jarriko du zapatuan, eguneko gastuak finantziatzeko. Bertan, mugimenduaren kamisetak izango dira salgai eta ekainaren 10eko giza-katerako izena ere eman ahal izango da. Horrekin batera, txosna ere jarriko dute eta Gaztetxea ere zabalik izango dela iragarri dute.