'Munilla, deabruak zure bila' oihukatu zioten gotzainari atzo Soraluzen

Ubane Madera 2018ko mai. 7a, 14:56

Olatz Sebal Munillaren aurrean. Argazkiak: Soraluzeko mugimendu feminista.

Atzo Jose Inazio Munilla gotzaina izan zen herrian Konfirmazioak zirela-eta. Eta Korner Moreak "ongi etorria" egin zion, Munilla, deabruak zure bila oihukatuz eta kartelak erakutsiz.

Meza bukatu eta elizatik irtetean, hamarren bat lagunek lelo hori berori oihukatu zioten, kartelak eskuetan zituztela. Elizarako bidea ere Munilla, deabruak zure bila kartelez bete zuten, hura bertatik pasatu behar zela kontuan hartuta.

Joan den Martxoaren 8aren atarian Donostiako gotzainak Radio Marian egindako adierazpenetan dago lelo horren jatorria; orduko hartan, Munillak aditzera eman zuen feministek "deabrua barruan" daramatela. Ildo beretik, "feminismo erradikala" gogor kritikatu zuen gotzainak, besteak beste abortu librea eta doakoa eta antisorgailuak defendatzearen. Halaber, lesbianismoa eta bisexualitatea ere gogor kritikatu zituen Donostiako gotzainak.

Eta harrezkero leku baten baino gehiagotan aurpegiratu dizkiote esandako horiek, atzo Soraluzen egin zuten moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.