Udalerriko erdigunea zein Plaza Zaharra agertoki modura erabili zituzten zapatuan Soraluzen izan ziren 30 bat txistulariek. Leintz Gatzagatik hasi eta Debara arteko txistulariak etorri ziren, soraluzetarrek antolatutako Debarroko Txistularien Lehen Topaketara. “Debatik, adibidez, 10 txistulari etorri ziren; asko eskertzen da”, dio Domentx Uzinek.
Aspaldiko partez
Hori horrela, herri eta belaunaldi anitzeko txistulariek bat-egin eta txistulariak eurak elkar ezagutzeaz aparte, kontzertu eta kalejira gustagarriak egin zituzten Soraluzen, aspaldi ikusten ez ziren modukoak, txistulari kopuruarengatik zein doinuaren kalitatearengatik.
Eguneko ekitaldi nagusia Plaza Zaharrean egin zuten kontzertua izan zen. Plazan zirkulu erdia osatu eta arbolapean zeuden herritarren aurrean interpretatu zituzten hamar pieza. Haiek txalo artean eskertu zuten musika. Kontzertua bukatzean, atzera ere kalejiran abiatu ziren txistulariak, harik eta 15:00ak aldera bazkaldu eta eguna bukatutzat eman zuten arte.
Txistularien arteko eskualde mailako topaketa egiten den lehen aldia izan da Soraluzekoa.