Barikutik aldrebestuta zebilen Santa Ana kaleko 7. atariko giroa, etxe barruko 35-45 urte bitarteko gizonezko baten kontura. Argazkietan ikusten den moduan, barikutik zapatura bitartean ja traste ugari bota zituen hark Galipotera, Udal langileek batu zituztenak.
Santa Ana hesituta
Baina aldrebeskeriekin segitu egin du gaur goizaldean. Segurtasun Sailak kontatutakoaren arabera, domekan, (atzo) 22:10ean jaso zuten herritar baten abisua, esanez gizonezko bat trasteak botatzen zebilela balkoitik behera. Hainbat patruila bidali dituzte Soraluzera, eta segurtasun kontuengatik Santa Ana kalearen zati bat hesitu egin dute, Plaza Berriraino.
Negoziatzaileak, Bilbotik
Iker Aldazabal alkatea ere bertaratu da, iskanbilarengatik abisatuta. Hark kontatutakoaren arabera, gizonezko bat zebilen builaka: tartak zatitzeko ezpata batekin balkoia kolpatzen, kalera trasteak botatzen, Ala goraipatzen, bertan zeuden ertzainak zirikatzen, eta abar.
Ertzaintza gizonezkoa lasaitzen ahalegindu da, baina egoerak ez zuela ez aurrera eta ez atzera egiten ikusita, Ertzaintzako negoziatzaileei deitu behar izan diete. Bilbotik etorri dira haiek. 00:45ak inguruan iritsi dira, eta asaldatuta zebilen gizonarekin berba egin badute ere, haiek ere ez dute ezer lortu.
Etxea guztiz txikituta
Hori horrela, bertan zegoen Ertzain-buruak etxe barrura sartuko zirela erabaki, eta horrela egin dute. Gizonezkoa etxe barruan mendean hartu eta gero, anbulantzian sartu eta 04:30ak ingurura psikiatriko batean ingresatu dute berau. Bizilekutzat zuen etxea bera ere guztiz txikituta utzi du.
Ez da lehen aldia gizonezko horrek istiluak izaten dituela. Etxe barruan lehenago ere iskanbilaren bat izandakoa da, eta baita udalerriko tabernariren bat edo besterekin ere.