Munduko hizkuntzen erakusleiho bilakatu da Soraluze

Ubane Madera 2018ko mai. 5a, 17:00

Oparoa, anitza, dibertigarria, hunkigarria eta batez ere, aberatsa izan da Auzoko Jaia, aurten Soraluzen ospatu dena. Plaza Berri txikia handi bilakatu da, munduko erakusleiho, ugariak izan dira-eta,bertan partekatu diren hizkuntzak, ohiturak, jakiak eta bereziki, bertako zein bertara etorritako bizilagunen esperientziak, norbere herriko enbaxadore bailiran.

Auzoko egitasmoa lantzen duten zazpi udalerritako bisitariak izan dira gaur Soraluzen, 5. Auzoko Jaiaren bueltan: Eskoriatzakoak, Bergarakoak, Aretxabaletakoak, Gasteizkoak, Oñatikoak, Arrasatekoak eta jakina, Soraluzekoak.  

Hizkuntza mordoa, lotura bat

Askoz ere gehiago izan dira, baina, haiek ordezkatu dituzten herriak zein partekatu dituzten hizkuntzak eta kulturak ere: arabiera, urdua, wolofa, gaztelania, hassania… finean, gaur egun, geurean eta geurekin bizi diren ehunka jatorritako bizilagunen hizkuntzak.

Eta horien guztien kohesioa euskara izan da, Auzoko Egitasmoak berezkoa duen xedea: euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatzea, euskaraz bizi garenok inplikatuz, euskarazko harreman sareak sortuz.

Zapore ederra 

lldo horretatik, halako sare txiki bat sortu da gaur Soraluzeko Plaza Berriaren bueltan. Euskal dantzek, Saharakoek, hennaz egindako marrazkiek, pakistandarrek prestatutako arrozak, garbantzuek, paraguayarrek egindako zopa solidoak, italiarren pastel de sapaiok, marokoarren pastek… ehundu dute sare hori.

Eta horrela, guztiak gustura ikusteak zein jakiek berezkoa zuten gozotasuna bere egin du Auzoko Jaiak eta zapore ederra laga du Soraluzen izan diren lagunen artean. 

  

Erlazionatuak

'Txoria Txori', guztiek batera

Ubane Madera 2018 mai 05 Soraluze