Gabolats asfaltatzen dabiltza

Ubane Madera 2018ko mai. 4a, 12:04
Gabolats kalea asfaltatzeko gertu. Argazkiak: Iker Aldazabal.

Gabolatseko aldapatik Ezozi bideko biribilgunerainoko urbanizazioaren azken lanak egiten dabiltza egunotan. Gaur, barikua, kalearen zati hori guztia zolatzen dihardute; lehenengo geruza bat botako diote eta gero brea. Horren ondoren, espaloian baldosak ipintzen hasiko dira, eta gero, baranda berria.

Aste pare bateko kontua izango da Gabolats kaleko urbanizazio-lanak amaitzea. Aldapa amaieratik biribilgunerainoko tartean zeuden zuloak tapatuta eta baldosatuta daude. Eta orain aldapa hasieratik biribilgunerainoko tartean lehen asfalto geruza botatzen dabiltza. Horren ondoren botako diote brea. Hori guztia gaur hasi eta gaur bukatuko dute Morga enpresakoek.

Baranda berria

Behin hori eginda, datozen egunotan espaloi osoa baldosatu egingo dute, eta aldapako baranda bota eta berria ipini. “Orain dagoena baino finagoa izango da berria”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak. Aparkalekuak ere margoztatuko dituzte. Eta horrekin bukatuko dituzte Gabolatseko urbanizazio lanak. 

Haiek bukatuta, Morga enpresak berak beste obra txiki bati ekingo dio berehala Soraluzen: Calonge kaleko 1., 2. eta 3. atarien pareko eskailerak kendu eta haren lekuan arrapala ipiniko dute, herritarren irisgarritasuna bermatzeko.